Elgoibarrek skate parkearen V. urteurren jaia ospatuko du datorren azaroaren 17a 

  • Besteak beste, goi mailako skaterrak elkartuko dira eta kirol hau probatu nahi dutenek hastapen tailerrean parte hartzeko aukera ere izango dute, 16:30ean hasiko den festan

Elgoibarko Udalak Emakumea Surflari Elkartearekin, Ipar Surf & Skate Eskola eta Jart- ekin elkarlanean herriko skate parkearen V. urteurren jaia antolatu du. Gozatzeko festa datorren azaroaren 17an (ostirala) ospatuko da eta arratsaldean zehar jarduerez beteta iritsiko da. Skate zaleentzat eta ikusleentzat aukera aparta izango da egun ederra igarotzeko eta goi mailako skaterrek eskainitako ikuskizunarekin aho zabalik geratzeko. 

Egitarau zabala 16.30ean hasiko da eta, motorrak berotzeko, ordubetez Naia Laso, Veronica Steigner, Maria Elosegui, Alexis Navia eta Erika Caballero skater ospetsuen eta Ipar Surf& Skate Eskolako skaterren truko ikusgarriekin gozatzeko aukera izango da. Lehen mailako ikuskizuna ziurtatuta dago parte hartze honekin. Izan ere, besteak beste, Naia Laso Bermeoko skaterrak bosgarren amaitu du Ostia, Erroman jokatu den Parkeko Munduko Txapelketan eta horri esker hurrengo urtean Parisko Joko Olinpikoetan egoteko aukeratik gertuago dago. 

Emakumea Surflari 2014ean jarri zen martxan, eta 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dagoen irabazi asmo gabeko proiektu bat da. Helburu nagusia emakumeen partaidetza sustatzea eta partaideen maila tekniko eta taktikoa hobetzea dira. Gaur egungo gizartearen ondorioz, generoari dagokionez zailtasun gehien dituen sektoreari zuzenduta dago; hau da, emakumeak, transexualak eta intersexualak.

 

Hastapen tailerra

Kirol hau probatu nahi dutenek hastapen tailerrarekin ikasteko aukera ere izango da Elgoibarko festan. Gainera, irakasle apartak izango dituzte, 17:30ean hasita: Ipar Surf & Skate Eskolako kideak. Ipar Surf & Skate Eskola, surf eta skate zale amorratuek zuzendutako surf eskola gaztea da, Euskal Herriko surf gunerik onenetako batean irakaskuntzarik onena eskaintzea helburu duena. Debako hondartzan dagoen eskola Espainiako lekurik onenetako batean dago, surfean ikasi eta garatzeko. Iparreko taldea duela 20 urte baino gehiagotik surf munduko Euskal Herriko hiru zalek osatzen dute. Esperientzia handia dute Estatu mailan eta nazioartean, eta naturarekiko sentitzen duten ezagutza, maitasuna eta errespetua partekatu nahi dituzte. Maila guztietarako surf eta skate klaseak eskaintzen ditu, hastapenetatik teknika eta hobekuntzaraino. Elgoibarko festan, bada, hastapen tailerra izango da parte hartu nahi duen ororentzat. 

Eta, goi mailako skaterekin gozatu eta patinatzen ikasten aritu eta gero, skate librerako tartea izango da. Gainera, skateko materiala zozkatuko dute eta DJ saioak girotuko du jaia.  Foodtruck-a ere jarriko dute bertan mokadua hartzeko. 

Parte-hartzaileen segurtasuna

Parte-hartzaile guztiek kaskoa erabiltzea ezinbestekoa izango da eta norberak ekarri beharko du etxetik. Gainera, babes gehigarriak erabiltzea gomendatu du Elgoibarko Udalak. 

Ekitaldia euriaren eraginez atzeratu beharko balitz, data berria aurrerago iragarriko litzateke.