Elgoibarko Udalbatzak onartu du Deba-Kosta Gizarte Zerbitzuen eremuan Mendaroko 3 udal etxebizitza sozialen erabilera hitzarmena 

  • Tutoretzapeko etxebizitzen helburu nagusia da, mendekotasun egoeran edo horren arriskuan dauden adinekoei ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehienez eta baldintzarik egokienetan jarraitzeko erraztasunak eskaintzea, autonomia galera prebenitzeko edota arintzeko beharrezkoak diren laguntza zehatzak bermatuz.

 

Mendaroko Udalaren herriko 3 etxebizitza sozialak erabiltzeko hitzarmena onartu zuen pasa den asteartean, urriak 31, Elgoibarko Udalbatzak. Erabilera eskualde mailakoa izango da, Mendaro, Elgoibar, Deba eta Mutrikuko erabiltzaileekin partekatua, Deba Kostako Gizarte Zerbitzuen eremuan. Hitzarmenak urtebeteko iraunaldia du eta 4 urte arte berritu ahal izango da urtez-urte. 

Udal ostatua egonaldi luzerako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua da eta, salbuespen gisa, aldi baterakoa. Tutoretza, bitartekaritza-bitartekotza, gizarte-laguntza eta gainbegiratze lanak egiteko langileen laguntza eta, hala badagokio, etxez etxeko arreta pertsonala ere jasotzeko aukerarekin.

 Tutoretzapeko etxebizitzen helburuak honakoak dira: erabiltzaileak haien komunitatearen ingurunean gera daitezela erraztea, autonomia-maila pertsonala hobetzea, hari eustea edota autonomiaz moldatzeko aukera ematen duten trebetasun eta gaitasunak galtzea prebenitzea, bakarrik bizitzen ez uztea, segurtasun-sentimendua eta beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska dezaketen beste beharrizan batzuk antzematea, hobetzea eta bizilekurik ez dutenei ostatu hartzeko aukerak ematea.

Ostatu zerbitzuaren kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa Mendaroko Udalaren eskumenekoa izango da baina kudeaketa horren finantzaketa 4 udalerrien artean banatuko da. Inbertsioen ondorioz izango diren gastuak zein kudeaketari dagozkionak, biztanleriaren arabera banatuko dira: Elgoibarko Udalak %47,26, Debako Udalak %22,32, Mutrikuko Udalak %22,13 eta Mendaroko Udalak %8,29. 

Plazaren kostuaren ordainketa, berriz, erabiltzailearen jatorrizko udalerriak ordainduko du, %100 ordaindu ezin duten pertsonen kasuan. Plazaren kostua urtero finkatuko da.