- Ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artean zozketa egingo da lurzatiak esleitzeko.
- Aurreikuspenen arabera, prozesu hori osatu eta lursailak urtea amaitu baino lehen esleituko dira.
Elgoibar 4B-URRUZUNO eremuan aisialdirako gune bat garatzeko prozesuan dago, Iñiguez de Karkizano eremuko etxebizitza berrien inguruan. Eremu hori aisialdirako espazio egokiekin aberasteko asmoz, Grupo Eibar sustatzailea, Elgoibarko Udalak eskatuta, ingurune hori urbanizatzen ari da. Urbanizazio horrek, haurrentzako jolas-gune bat, kalistenia-parke bat, urmael bat eta baratze publikoak izango ditu.
Gaur egun, mahaiak eta iturri bat instalatzeko lanak egiten ari dira, baita baratzeak mugatuko dituzten hesolak jartzeko lanak ere. Datorren astean, armairuak instalatuko dira, heskaia jarriko da eta sare-jokoa muntatuko da.
Azaroan zuhaitzak landatuko dira, haurrentzako jolasak jarriko dira eta aparkalekua egokituko da.
97 eskatzaile baratze publikoetarako
Proiektu honek 30 baratze sortzea aurreikusten du, bakoitza 30 metro karratuko azalerarekin. Udalak baratze horietako bi beretzat gordeko ditu (1. eta 2. zenbakiak), eta guztira 28 baratze utziko ditu erabilgarri (3 zenbakidunetik 30era arte). Baratze horiek instalazio komunak izango dituzte, hala nola bideak eta eremu partekatuak.
Orain arte, guztira 97 eskaera egin dituzte baratze publiko horiek erabili nahi dituzten herritarrek. Datozen asteetan, eskaeren azterketa teknikoa egingo da, eta ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artean, lurzatiak esleitzeko zozketa egingo da. Aurreikuspenen arabera, prozesu hori osatu eta lursailak urtea amaitu baino lehen esleituko dira.
Azpimarratu behar da baratze horiek erabiltzeko lizentziek urtebeteko iraupena izango dutela hasieran, eta urtero berritu ahal izango direla, gehienez ere hiru (3) urtera arte, esleipena egin eta hurrengo egunetik aurrera.