Elgoibarrek Eskola Kirol Egokituaren programa jarriko du abian, bigarren urtez jarraian, desgaitasuna duten haur eta gazteentzat

  • Programa honen helburu nagusia parte-hartzaileei kirol-esperientzia inklusiboa eta aberasgarria eskaintzea da. Kirol anitzeko hastapeneko programa bat eta, berrikuntza gisa, pala egokituko hastapeneko talde bat eskainiko dira.

Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin lankidetzan, Eskola Kirol Egokituaren programari ekingo dio berriro datorren ikasturtean. Bigarren urtez jarraian egingo den programa honek 6 eta 21 urte bitarteko haur eta gazte desgaituei kirol jarduera egokituetan parte hartzeko aukera eskaintzen die.


Programa honen helburu nagusia parte-hartzaileei kirol-esperientzia inklusiboa eta aberasgarria eskaintzea da. Kirol anitzeko hastapeneko programa bat eskainiko da, parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokitzeko eta kalitatezko kirol-esperientzia eskaintzeko diseinatua. Gainera, astean behin Olaizaga kiroldegian areto jarduera bat antolatu da.

 

Urritik aurrera bi talde jarriko dira martxan:

  • Lehen Hezkuntzako taldea: astearteetan, 17:00etatik 18:00etara, Olaizaga kiroldegian.
  • Bigarren Hezkuntzako taldea: astearteetan 18:00etatik 19:00etara Olaizaga kiroldegian.

Berritasun gisa, pala egokituaren hastapen talde bat ere jarriko da martxan, asteazkenetan 19:00etan burutuko dena, betiere gutxieneko erabiltzaile interesatuen kopurua betetzen bada. Izen-emateak irailaren 26ra arte egongo dira zabalik.

Ekimen honen helburua Elgoibarko haur eta gazteen artean kirol egokituaren inklusioa eta gozamena sustatzea da, trebetasun fisiko, sozial eta emozionalak garatzeko aukera paregabea eskainiz, laguntza eta dibertimendu giro batean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 46 25 14 telefono zenbakira edo idatzi multikirola@gkef-fgda.org helbide elektronikora.