- Eraikuntza eta kudeaketa kontratua astelehen honetan, irailak 1, sinatu dute Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak.
Elgoibarko El Pilar ikastetxeko partzelan kokatuko den Errezabal gizarte-zerbitzuen zentroaren eraikuntza eta kudeaketa kontratua astelehen honetan, irailak 1, sinatu dute Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak. Proiektuaren idazketa 6 hilabetetan burutuko da eta lanak 2024ko udaberrian hastea da aurreikuspena.
Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitza-zerbitzu bat eta eguneko zentro bat, desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza-unitate bat eta buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako beste bat izango ditu, udal jabetzako aparkaleku batez gain. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen gizarte-zerbitzuen ekipamendua eraikitzeko kontratazio-espedientea, eta maiatzaren 22an Elgoibar 2023 ABEEari (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zitzaion proiektua egitea, eraikitzea eta 10 urtez kudeatzea.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dira. Kontratuan ezarritako epeen arabera, obra 2024. urtearen udaberrian hastea aurreikusten da, eta egoitza 2026an martxan izatea.
Maialen Gurrutxaga alkateak konpromiso osoa erakutsi du proiektuarekiko: “kontratuaren sinadura pausu berri bat da, garrantzitsua oso. Proiektu partekatua da eta urte guzti hauetan lanean aritutako pertsona eta eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, batez ere, El Pilar ikastetxeko guraso elkarteko kideei, urte luzez egon baitira proiektu hau bultzatzen. Egoitza berria Elgoibarko tokiko zaintza-ekosistemaren ardatza izango da, eta Debabarrena eskualde osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo die”.
Adinekoentzako egoitza berriak 87 plaza izango ditu guztira, bizikidetza-unitate txikietan banatuta; horietatik 22k unitate psikogeriatrikoa osatuko dute, eta plaza gehienak banakako geletan egongo dira. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-unitateak 18 eta 22 plaza artean izango ditu, eta buru-nahaste larria dutenentzako egoitza-unitateak 16 eta 21 plaza artean. Egoitza-unitateez gain, adinekoentzako eguneko zentro bat ere egongo da, 40 plazarekin. Zentro osoak 10.500 m2 inguruko azalera izango du, eta instalazio “modernoak, irisgarriak eta komunitateari lotuak” izango ditu, inguratzen duten berdeguneekin, egoteko gune zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin. Bestalde, lur azpiko aparkaleku publiko bat ere eraikiko da, 70-80 plazarekin.