- Lila Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea Elgoibarko elkarteek emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen egindako lana.
- Lilak urte bukaera arteko jarduera programa aurkeztu du.
Lilako Mahaiak eta Elgoibarko Udalak ‘Lila Saria’ sortu zuten iaz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politika publikoen esparruan. Irailaren 21ean emango da bigarrena, Lila gunearen bigarren urteurrenean.
Lila Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea Elgoibarko udalerriko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturaleko edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu duten eta/edo nabarmendu duten pertsonek eta/edo erakundeek egindako lana.
Parte hartu duten hautagaiak Elgoibarko udalerriko erakunde eta pertsona fisikoek proposatu dituzte. Hautaketa-epaimahaia Lilako Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Arloko arduradunak eta alkateak osatzen dute. Garaikurra eta 500 euroko saria banatuko dira.
Urteurren festa arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta Lila Saria emateko ekitaldiaz gain, Esti Curielek ’35 huts’ antzezlana eskainiko du. Ekitaldia doakoa da eta ez da aldez aurretik izena eman behar, baina plazak mugatuak dira.
Lilak urte bukaera arteko jarduera programa aurkeztu du
Lilak, Elgoibarko Emakumeen Etxeak, ekitaldiz beteta hasiko du ikasturtea. Elgoibartarrek urte bukaera arte aukeran izango dituzte hitzaldiak eta hausnarketa-taldeak, zinema forumak eta dokumentalak, ikastaroak eta tailerrak, ikuskizunak eta erakusketak. Aholkularitza juridikoko zerbitzua ere eskura dute.
Lilak emakumeentzako gune bat baino gehiago izatea lortu du: berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde elkartzeko, hausnartzeko eta lan egiteko gune bat. Parte-hartzaileen jarrera eraikitzailearekin lortu da txoko hau berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko topagune, hausnarketa eta lanerako espazio izatea.
Orain arte bertaratu ez direnek aukera izango dute hurrengo hilabeteetarako programatutako jardueretan parte hartzeko. Elkarte gisa eta banaka parte hartzeko aukera dago, Lila Emakumeen Etxea emakume guztien etxea baita.