Uztailaren 19ko Osoko Bilkuran EAJ-PNVko eta EH Bilduko hautetsiek adierazpen publiko bat egin zuten, “Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean” mozioa aurkeztu eta babestuz, udaletan euskara bakarrik erabiltzea baimentzen duen Euskal Udalen Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaia ardatz hartuta. PSE-EE alderdiak aurka bozkatu zuen.
ADIERAZPENA
“Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean”
Euskalgintzako eragileekin batera Elgoibarko EAJ-PNVko eta EH Bilduko hautetsiok, zera adierazi nahi dugu:
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztea.
Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.
Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.
Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan hona hemen ehunka alkate eta udal ordezkariren presentzia.
Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.