Elgoibarko Udalak eta Udal Kirol Patronatuak oso modu positiboan baloratu dute aurreko astelehenean, uztailak 10, LAB, UGT, CCOO sindikatuek eta Gipuzkoako Kiroldegietan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek lortu zuten akordioa; izan ere, akordio horri esker lortu dute Gipuzkoako Herri Titularitateko Kirol Instalazioen Sektore-Hitzarmena sinatzea, hain zuzen ere, 2012tik berritu gabe zegoena.
Olaizaga kiroldegian eta Mintxetan zerbitzuak eskaintzen dituzten monitore eta sorosleentzat onuragarriak izango dira hitzarmen honetan jasotzen diren lan baldintza hobeak: hala nola, % 12ko igoera ezarriko da monitore eta sorosleen soldata taula guztietan eta konpentsaziozko ordainketa bat egingo da 2012tik hona KPIn izan dituzten galerengatik. Horretaz gain, kontuan izan behar da datozen ureotako KPI eguneratuko dela eta urteko lanaldia 1592 ordura murriztuko dela.
Udalak eta Patronatuak hasiera-hasieratik adierazi dute gatazka hau konpontzeko konpromisoa, eta azken asteetan hainbat bilera egin dituzte, bai BPXport enpresarekin, eta baita ere ELA sindikatuarekin eta greban dauden langileekin, hitz egitera eta jarrerak adostera eseri daitezela eskatzeko. Nahiz eta, dagoeneko, 16 sorosle eta monitore zerbitzua normaltasun osoz eskaintzen ari diren, oraindik ere, 4 langile greban daude ia 3 hilabetez, eta horrek ondorio txarrak ditu gure herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan, bereziki, Olaizaga kiroldegiko igerilekuan eta 60 urtetik gorako adinekoei “Elgoibar Sasoian” programaren baitan eskaintzen dizkiegun ikastaroetan.
Gipuzkoako Herri Titularitateko Kirol Instalazioen Sektore-Hitzarmena