Elgoibarko Udalak berdintasuna eta errespetua sustatzeko lanean jarraitzen du Aita Agirre haur parkeko eskailerak LGTBIQ+ banderaren koloreekin margotuz

  • Naizen elkartearen “#naizenanaiz” leloa margotu da, aniztasunari babesa eta batasuna emateko mezua helarazteko, bizitzaren lehen etapetatik berdintasun- eta errespetu-balioak indartuz.
  • Hiruki Larroxa elkartearekin lankidetzan, LGTB+ diagnostikoa egin da udalerrian. Ekimen horri esker, tokiko LGTB+ pertsonen testigantzak jaso ahal izan dira, haien esperientziak eta erronkak hobeto ulertzeko.

Berdintasuna, errespetua eta onarpena sustatzeko konpromiso sendoa hartuta, Elgoibarko Udalak hainbat ekimen gauzatu ditu herrian LGTB+ kolektiboa ikusarazteko eta babesteko. Mundu inklusiboa eta askotarikoa sustatzeko, non pertsona guztiak balioetsi eta errespetatuko diren, haien orientazio sexuala edo genero-identitatea kontuan hartu gabe, hainbat ekintza ezarri dira sentsibilizazio-kanpaina baten barruan.

Ekintza nabarmenetako bat Aita Agirre haur-parkea eraldatu izana izan da. Bertan, Naizen elkartearen “#naizenanaiz” leloa margotu da. Esku-hartze honen bidez, aniztasunari babesa eta batasuna emateko mezua helarazi nahi da, bizitzaren lehen etapetatik berdintasun- eta errespetu-balioak indartuz.

Gainera, Hiruki Larroxa elkartearekin lankidetzan, LGTB+ diagnostikoa egin da udalerrian. Ekimen horri esker, tokiko LGTB+ pertsonen testigantzak jaso ahal izan dira, haien esperientziak eta erronkak hobeto ulertzeko. Diagnostiko horren emaitzak datorren ikasturtean aurkeztuko dira herrian, aldizkari formatuan, eta ikastetxeak gonbidatuko dira hezkidetza-proiektuetan lan egitera.

“Diagnostikoaren hasierako fasean, ikusi da Elgoibarren pixkanaka normalizatu direla LGTB+ gaiak, azken urteetako berdintasun- eta onarpen-dinamika instituzional orokorrei jarraituz. Nabarmentzen da gero eta esparru gehiago daudela, eta komunitateko kide batzuek gero eta gehiago onartzen dutela bestea. Hala ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko Elgoibar hobea lortzeko, eta Udalak norabide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du” nabarmendu du Maialen Gurrutxaga alkateak.

Era berean, herriko ikastetxeetako irakasleen balorazio oso positiboa jaso da eskainitako prestakuntzari dagokionez. Ildo horretan, Udalak 2023-2024 ikasturtean irakasleei indarkeria matxistari eta LGTB+fobiari heltzeko tresnak eskaintzen jarraitzea du helburu.


Berdintasunean oinarritutako jaiak

Bestalde, San Bartolome jaien esparruan, Elgoibarko Udalak sexu-indarkeria matxistaren eta LGTBfobikoaren aurkako borrokan ere parte hartuko du. Ildo horretan, ostalarien lankidetza bilatu da, eta, guztira, 11 establezimenduk beren burua eskaini dute eraso sexistak eta LGTBfobikoak prebenitzeko eta horiei erantzuteko prestatutako materiala banatzeko.

Ekintza horiekin, Elgoibarko Udalak berretsi egiten du gizarte inklusiboa, berdintasunezkoa eta aniztasunarekiko errespetuzkoa eraikitzeko konpromisoa, non pertsona guztiak askatasunez bizi ahal izango diren, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diskriminatuak edo baztertuak izateko beldurrik gabe.