Elgoibarko establezimenduetako errotulu nagusia edota irudi korporatiboa euskaraz jartzeko udal dirulaguntzak, herritarren eskura 

  • Errotulu nagusia euskara hutsean edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzen duenari, kostearen % 50eko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak, xede bakoitzerako gehieneko kopurua 300 eurokoa izanik. Xede bietarako, gehienez 500 euro.
  • Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 30a izango da. 

Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak establezimenduaren errotulu nagusia euskaraz eta/edo irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzeko dirulaguntzak jarri ditu abian. 

Establezimendua identifikatzeko errotulu nagusia euskara hutsean edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzen duenari, kostearen % 50eko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak, xede bakoitzerako gehieneko kopurua 300 eurokoa izanik. Xede bietarako laguntza eskatuz gero, urtero, eskatzaileko, gehieneko laguntza 500 eurokoa izango da. Horretarako, beharrezkoa izango da euskaraz ondo idatzita egotea eta hau Euskara Zerbitzuak ziurtatu beharko du. Errotulu nagusiaren kasuan, izena edo izen-abizenak soilik agertzen badira, Udalak ez du dirulaguntzarik emango.

Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 30a izango da eta interesdunek dagoeneko eskabideak aurkez ditzakete HAZen (Santa Ana kalea 2, behea), edota telematikoki Udalaren webguneko Herritarren Atarian. 2022an 6 laguntza eman zituen Udalak.

Zalantzarik izanez gero, edota testua euskaraz jartzeko laguntzarik nahi izanez gero, deitu Udalaren Euskara Zerbitzura 943 744366 telefonora edo mezu bat bidali euskara@elgoibar.eus helbidera.