- Auzoaren %100ak 300 Mbps simetrikoko zuntzerako sarbidea izango du. 142 etxebizitza guztira. Lanak duela bi aste hasi ziren eta datorren astelehenean, ekainak 5, amaituko dira.
Altzolak zuntz optikoa izango du datorren astetik aurrera. Astelehenean, ekainak 5, amaituko da zuntz optikoaren instalazioa auzoan. Horrela, auzoaren % 100ak 300 Mbps simetrikoko zuntzerako sarbidea izango du. 142 etxebizitza guztira. Lanak duela bi aste hasi ziren, zuntza Kanterape bihurgunetik eta autobide ingurutik pasatzean, eta aste honen hasieran hasi ziren kableak fatxadetan jartzen.
Ane Beitiak, Elgoibarko jarduneko alkateak, nabarmendu du “beste behin ere bete dugu Altzolako bizilagunei eman genien hitza: zuntz optikoa 2023ko lehen seihilekoan iritsiko zela gehien jota Altzolara, eta hala izango da. Pozten gara zuntzaren hedapena gauzatu izanaz, inguruko bizilagunen eta enpresen konektibitatea nabarmen hobetuko baitu”.
2015ean, Telefonicak, Altzolan zuntz optikoa hedatzeko lizitaziora aurkeztutako enpresak, Espainiako Gobernuaren dirulaguntza jaso zuen, baina ez zuen hedatu.
Operadore batek interesa agertu duen edo zuntz optikoa zabalduko duela esan duen eremuak eremu grisak/zerbitzu-eremuak dira, eta, beraz, ezin dira diruz lagundu, harik eta administrazioak ministerioari eremua zuritzea eskatu eta zuntza hedatzeko dirulaguntza bat atera ahal izan arte.
Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari eskatu zioten Altzola gune zuri izendatzea 2020rako, Eusko Jaurlaritzak zuntza hedatzeko ematen duen hurrengo dirulaguntzan sartu ahal izateko. Eremu zuri izendatzeko epea igaro ondoren egiten da.
2020an, Eusko Jaurlaritzak banda zabala hedatzeko laguntzak argitaratu zituen (PEBA-Euskadi II. fasea), Altzola zuntza hedatzeko gune gisa sartuz. Hedapenaren amaiera-data 2023ko maiatza ezarriz. Maiatzaren erdialdean hasi ziren lanak eta datorren astelehenean, ekainak 5, amaituko dira.
Honela, altzolatarrek zuntz optikoa kontratatzeko aukera izango dute euren etxebizitza eta negozioetan.
Beitiak nabarmendu du “bide luzea izan da, baina prozedurak hala eskatzen du. Azken finean, zuntzaren ezarpena bultzatzeko funts publikoak erabiltzen direnez, operadoreen arteko lehia bermatu behar da. Horrela, zuntza Telefonicak hedatzen badu ere, herritarrek merkatuan jarduten duten konpainia guztien artean hautatzeko aukera izango dute”. Salatu duenez, “Udalak konpainia baten eskaintza jaso du denbora honetan, hedapenaren inbertsioa zuzenean ordain diezaion. Hori legez kanpokoa da, eta gainera auzotarrek enpresa horrekin kontratatu beharko zuketeen soilik, eurek zehaztutako prezioetan. Ez da legezkoa eta ez da etikoa” berretsi du.
“Proposamen horiek eta eragozpenak gorabehera, lanean jarraitu dugu, eta esan dezakegu zuntza Altzolara iritsi dela eta aurrerapauso garrantzitsua dela hori”.