- Interesa dutenek Olaizaga kiroldegiko harreran edo olaizagaharrera@hotmail.es helbidera idatziz eman dezakete izena ekainaren 2a bitarte.
Haur eta gazteek udako oporretan kirola egitea gustuko badute Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen kirol udalekuetan aurkitu dezakete kontuan izan beharreko aukera bat. Kirol udalekuetan izena emateko epea jada zabalik da eta ekainaren 2a bitarte egongo da irekita. Interesa dutenek Olaizaga kiroldegiko harreran edo olaizagaharrera@hotmail.es helbidean eman dezakete izena.
Ekainaren 26tik uztailaren 21era, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:30etatik 12:30era, kirol desberdinak (eskalada, atletismoa, mendi bizikleta, orientazioa, futbola, eskubaloia, herri kirolak, frontoiko jolasak, mendizaletasuna, patinajea, padela, tenisa, Mintxetako igerilekuak, ur jolasak, zumba, e.a.) egiteko aukera izango dute 2011 eta 2016 urteen bitartean (biak barne) jaiotako haurrek. 2007-2010 urteen bitartean jaiotako gazteek, berriz, Goi Mailako Kirol Udalekuetan maila handiagoko kirola egiteko aukera izango dute.
Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxetako kirol instalazioak, igerilekuak, Ikastolako Frontoia eta herriko beste hainbat gune erabiliko dituzte. Harrera oso ona izaten dute urtero Kirol Udalekuak.
Patronatuko bazkideek 106,20 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 116,50 euro.