Dolmenen ibilbideko balio arkeologikoa zein paisaia balioa ezagutzeko bisita gidatua, apirilaren 9an

  • Bisitaldia euskaraz egingo da eta goizeko 10:00etan abiatuko da Karakateko aparkalekutik, Soraluzetik. Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman behar dute Debabarrena Turismoko webgunean. 
  • Horrez gain, haur zein nerabeentzat antolatutako aisialdi eskaintza berezia eta ohiko zine emanaldiak izango dira aukeran datozen egunetan Elgoibarren. 

Heldu da jada Aste Santuetako oporraldia eta horrekin batera, Elgoibarren ere, kultur eskaintza berezia izango da aipatu egunetarako.

Hilaren 9an, hain zuzen, igandea, Dolmenen ibilbideaz gozatzeko bisita gidatua eskainiko da. Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesarekin batera, sustatutako egitasmoa da hau eta helburu du ibilbidearen eta bere ingurunearen paisaia-balioa eta balio arkeologikoa herritarrei zein bisitariei ezagutzera ematea. 

Ibilbideak 9 kilometro eta lau orduko iraupena du, baina ibilbide erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa. 10:00etan abiatuko da Karakateko aparkalekutik, Soraluzetik, alegia, eta bertatik Irukurutzetaraino joan-etorria egingo dute partaideek, edertasun handiko paisaiak zeharkatuz eta balio arkeologiko handiko interes-guneak ezagutuz. Mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat. Izan ere, antzina, Dolmenen Ibilbidea Deba eta Urola ibaien bailaren arteko igarobidea zen; gaur egun arrasto anitz aurki daitezke bertan. 

Bisitaldia euskaraz egingo da eta prezioa 5€koa da helduentzat eta 3.5€koa 12 urtetik beherakoentzat. Bergara, Elgoibar edo Soraluzen bizi diren helduentzat bisitaren prezioa 2,5€ izango dira, umeentzat berriz, 1,5 €.

Horrez gain, apirilaren 13an, Isiltasun Eskolako saioa egingo da arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxeko sotoan. 

 

Haur eta nerabeentzat aisialdi eskaintza berezia

Aste Santu eta Pazko astean, Elgoibarko haur eta nerabeek ere izango dute zer egin herrian, Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak zein Udal Gaztelekuak, elkarlanean, udaberriko oporren programazio berezia antolatu baitute adin tarte bakoitzerako plan desberdinekin. 

Hori horrela, LH1 eta LH3 bitarteko haurrentzat bi plan antolatu dira, tribuen astea batetik, apirilaren 3tik 5era eta zientziaren astea bestetik, hilaren 11etik 14ra bitartean. Lehen astean, txabola bat sortu edota tribuen arteko lehiak ezagutuko dituzte eta pazko astean. Aldiz, zientziarekin loturiko hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola, tie-dye kamisetak, Laboratoriumera irteera, sukaldaritza esperimentaleko tailerra…

LH 4, 5 eta 6ko haurrek, aldiz, bi jarduera izango dituzte aukeran: Lasturrera irteera apirilaren 3tik 5era eta apirilaren 13an, iluntzean. 

Horrez gain, HH2tik 5erako haurrentzat txokoak ere antolatu dira apirilaren 3tik 5era eta 11tik 14ra. 

Gaztelekuan halaber, eskaintza berezia ere egongo da: gaztelekuaren apainketa, Donostiako Txuri-Urdinera irteera, Paintball saioa Zornotzan…

 

Zinea

  • Irati: apirilak 6 (euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin). 
  • Irati: apirilak 7 (gazteleraz, euskarazko azpitituluekin). 
  • Loli tormenta: apirilak 8, 9 eta 10.

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.

 

KZ Guneko doako ikastaroak

Apirilaren 3tik 19ra bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Oinarrizko interneta. Nabigatzen eta mezu elektronikoak bidaltzen ikasi’ ikastaroa eskainiko da, 16:00etatik 18:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).