- Udalak 210.000 euroko laguntza emango dio elkarteari euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko.
- Horrekin batera, hitzarmenaren helburua da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzea eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea.
Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, eta Iñaki Kondek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2023ko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko teknikariak ere izan dira.
Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 210.000 euroko dirulaguntza, iaz baino 26.000 euro gehiago, emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2023an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”.
Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 130.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko sailetik, berriz, 80.000 euro.
Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.