Hilabete bukaerako azoka eta XXVIII. Jose Gurrutxaga krosa, asteburuan Elgoibarren

Baserriko produktuen salmenta, pintxoak, haurrentzako tailerrak eta ohiko ganadu erakusketa jasoko ditu martxoko nekazaritza eta abeltzaintza feriak.
Horrekin batera, Haritz EDTren 50. Urteurrena ospatzeko dantza jaialdia, Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako talde instrumentalen kontzertuak edota literatu taldearen saioa eskainiko dira datozen egunetan, ohiko zine eskaintzarekin batera.

Martxo amaierako kultur egitarauak kirola eta musika izango ditu bereziki protagonista, beste hainbat jarduera eta ekintzen artean.

Hilaren 23an, osteguna, guraso eta hezitzaileei zuzenduriko tailerra eskainiko da Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, “Zer irakurri etxean, nola aukeratu liburu aproposak” izenpean. Egun berean, halaber, Elgoibarko Isiltasun Eskolaren bigarren saioa egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxeko sotoan.

Asteburuan bete betean murgilduz, larunbatean, martxoak 25, hilabete bukaerako nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatuko da. Hori horrela, 9:00etatik hasita eguerdiko 14:00etara baserriko produktuen salmenta egongo da Kalebarren plazan eta 11:00etatik aurrera, Elgoibarko URAJAI elkarteak `pintxoak prestatuko ditu aipatu plazan, bertako baserri eta harategietako produktuekin. 12:00etatik 14:00etara, umeentzako tailerra egingo da Kalebarren plazan, herriko txikienek garaiko produktuak, bertako animaliak edota baserrietako kultura ezagutu dezaten. Azokari amaiera emateko, eguerditik arratsaldera bitartean ganadu erakusketa egongo da Kalebarren plazan.

Horrez gain, martxoaren 25era bitartean luzatuko da Erasmus + proiektuan parte hartzen duten gazteekin aurrera eramaten ari den egitarau berezia.

Igandean, martxoak 26, XXVIII. Jose Gurrutxaga krosa egingo da Elgoibarko Ikastolak antolatuta. 10:30ean abiatuko da Kalegoen plazatik.

Behin asteburua atzean utzita, musika doinuekin emango dio Elgoibarrek hasiera hilabeteko azken asteari. Martxoaren 26an eta 27an, hain zuzen, Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako talde instrumentalen kontzertuak eskainiko dira 19:30ean Auditoriumean eta 28an, halaber, literatur tailer berri bat eskainiko da 18:00etan Gotzon Garate udal liburutegian.

Kultur jarduerei amaiera emateko, martxoaren 29an, Epeletan literatur tailerra eskainiko da 19:00etan udal liburutegian. Kasu honetan, Santi Leoneren “Liztor Mutanteak” liburua izango du tailerrak hizpide.
Emakumeen hilabetea Elgoibarren
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauari erreparatuz, honi amaiera emateko, martxoaren 27an emakumeen hausnarketarako saioa egingo da, 18:00etatik 20:00etara Lilan. “Lan arriskuak genero ikuspegitik begiratuta” izango da hausnarketarako gaia.

Horrez gain, egun berean, ludotekan postontzi morea eta muralak egingo dira eta gaztelekuan, halaber, M8 pankartak eta “Emariak” mahai jolasa.

Zinea

Los Fabelman: martxoak 24, 25, 26 eta 27.
Momiak: martxoak 26.

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.

KZ Guneko doako ikastaroak

Martxoaren 28 eta 29an, Elgoibarko KZ Gunean ‘Twitter zure smartphonean’ ikastaroa eskainiko da, 18:00etatik 20:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).