- Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren sailak 3,27 milioi euro inbertituko ditu eremua biziberritzeko eta klima-aldaketa bezalako erronketarako prestatzeko.
- Jarduketek energia berriztagarriak sartzea, etxebizitzetan kanpoko espazioak sortzea eta irisgarritasuna hobetzea barne hartzen dituzte, besteak beste.
Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak ostiral honetan aurkeztu dituzte datozen hiru urteetan Sigma (Olasogain) etxebizitza-auzoa modernizatzeko proiektuaren xehetasunak. Eusko Jaurlaritzak 3,27 milioi euroko inbertsioa egin du auzoen hiri-berroneratze integralerako programan.
Hobekuntzak auzo horretako 72 etxetara iritsiko dira, 60ko hamarkadan Sigma enpresak bere langileentzat eraikitakoak. Hala, auzoak ateak irekitzen ditu energia berriztagarriak sartzeko, haren irisgarritasuna hobetzeko, mendi-mazela batean baitago, malda handiekin eta eskaileradun oinezkoen ibilbideekin. Urbanizazioak espazio libre bat sortzea aurreikusten du, etxebizitzak irisgarritasunez hornitzea ahalbidetuko duten kanpoko igogailuak egin ahal izateko, ezin baita eraikinen barruan sartu.
Jarduketen artean, aurreikusita dago balkoiak handitzea dagoeneko badituzten etxebizitzetan, eta ez dutenetan sartzea, kanpoko espazio berriak sortuz. Ingurunearen kasuan, argiteria publikoa LED argiekin berrituko da, ur-hodiak berrituko dira ihesak murrizteko, CO2 hustubide gisa funtzionatzen duten landare-elementuak gehituko dira eta parkeak birgaituko dira. Telekomunikazio-sareak ere berrituko dira.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak nabarmendu du “pozgarria da Eusko Jaurlaritzak SIGMA auzoa biziberritzeko proiektua aukeratu izana, Udalak Etxebizitza eta Lurralde Plangintza Sailari aurkeztutakoa: proiektu publiko-pribatua da, eta zuzenean eragingo du herritarren bizi-kalitatean. Udalak dagoeneko aurreratuta ditu Sigma auzoko Irisgarritasun Planaren lehen faseko obrak: lehen fase honetan, espaloia Eulogio Estartako 1etik 4ra handituko da, eta horma bat eraikiko da N634 espaloiaren ondoan, espaloi hori handitu ahal izateko. Hurrengo ekitaldietan 2. eta 3. faseak garatuko ditugu: proiektuaren bigarren fasean bidea eta zerbitzu-sare guztiak osatuko dira, frontoitik 17-20 atarien blokeetara arte. Hirugarren fasean igogailu bat egingo da 4. eta 6. zenbakietako atarien artean. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, herritarren eskura jarriko ditu igogailuak jartzeko eta etxebizitza partikularretan irisgarritasuna bermatzeko erreformak egiteko dirulaguntzak. Elkarlanean dihardugu, auzo hobe bat eraikitzeko”.
Bestalde, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek azaldu duenez, “Elgoibarrek bat egin du Euskadiko beste 20 udalerrirekin auzo-mailako esku-hartzeari ekiteko. Esku-hartze horrek bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko balioko du, eta klima-aldaketaren aurka borrokatu behar dugun etorkizunari aurre egiteko prestatuko du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomiko handiak emango ditu, eta laguntza horien berri emango du jarriko den auzo-bulegoaren bidez”.
Elgoibarko Udalak Sigma etxebizitza-auzoaren hiri-berroneratze integralerako auzoak berroneratzeko jasotzen dituen 3,27 milioi euroak Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planetik datoz. Plan hori Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek martxan jarri zuten duela urtebete.