- Udalak lehiaketara atera du auto berriaren erosketa. Aurrekontua 35.000 euro + BEZ da.
Elgoibarko Udalak Udaltzaingoa auto hibrido berri batekin hornituko du. Egungo ibilgailuetako bat ordezkatuko da, ibilgailuen erabilera eraginkorragoa sustatzeko. Ia 300.000 kilometro ditu ordezkatuko den ibilgailuak.
Ibilgailua hibridoa izango da, ingurumena babestearen aldeko apustua egin eta CO2 isuriak eta funtzionamenduaren ondorioz sortzen diren kontsumoak eta kostuak murrizteko, motor elektrikoa eta motor termikoa konbinatuz.
Eskainitako ibilgailua berria izango da, SUV 4×4 motakoa, 5 atekoa, gasolina eta elektrizitatea erabiltzen dituen hibridoa, berez kargatzen dena (entxufatzen ez dena).
Helburua da Udaltzaingoari bere lana burutzeko beharrezko baliabideak ematea, segurtasun eta ordena publikoaren arloko eskumenak bete ditzan. Baita zerbitzuan zehar garraio-premiei erantzun ahal izateko baliabide eraginkorrak izatea, udalerrian barrena patruilatu dezaten.
Martxoaren 16a bitarte aurkeztu daitezke eskaintzak eta hasierako aurrekontua 35.000 euro + BEZ da. Exekuzio epea 12 hilabetekoa izango da.