Elgoibarko Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen 2023ko deialdia zabaldu du

  • Eskabideak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 23tik 2023ko abenduaren 15era bitartekoa izango da.
  • 2022an 272 eskaera egon ziren 149 eskatzaileren partetik eta gastu totala 179.522,27 eurokoa izan zen. 2021ean baino 2 eskatzaile gutxiago izan dira, 151 eskatzaile izan baitziren orduan.
  • Udalak 200.000 euroko aurrekontu partida erreserbatu du 2023ko kontuetan. Ane Beitia alkateak azaldu du “oinarritzat dugu unean-uneko beharrei erantzun, azkar, eta egoera gainditzeko mekanismoak ematea, herritar ororen ongizatea bermatu eta bizi proiektu duina bultzatuz”. 

Elgoibarko Udalak Gizarte Larrialdietarako 2023ko Laguntzak (GLL) eskatzeko epea zabaldu du; Eskabideak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 23tik 2023ko abenduaren 15era bitartekoa izango da.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, gizarte bazterkeriari aurre egin eta bazterketa pertsonal, sozial eta laborala arintzeaz gain, hori bizi duten pertsonen egoera normalizatzen eta gizarteratzen laguntzeko xedea duten baliabide ekonomikoak dira. 

Gizarte Larrialdietarako Laguntzek etxebizitzarekin lotutako laguntza-lerro hauek barne hartzen dituzte, hala nola: mantentzea, alokairua edo hipoteka-kreditua, etxetresna elektrikoak erostea edo lehen mailako premiekin lotutakoak edo aurretiko zorpetzearekin zerikusia dutenak.

Udalak 200.000 euroko aurrekontu partida erreserbatu du 2023ko kontuetan. Gainera, behar den orotan partida egokitu eta osatzeko gaitasuna du Udalak. 2023ko aurrekontua osatzerako garaian kontuan izan da 2022 urteak izan duen bilakaera, bereziki Ukrainaren inbasioak gure egunerokotasunean eragin dituen aldaketak. Ane Beitia alkateak azaldu du “2022 urtea, 2020 eta 2021en antzera, ez da erraza izan. Covid-19aren pandemia egonkortzen joan da baina horri Ukrainaren inbasioa eta prezioen gorakada gehitu behar izan diogu. Errealitate berri batean egon gara, eta estrategiak eta baliabideak jarri behar izan ditugu abian, egoera berri horretara egokitzeko eta dauden eskaerei ahalik eta modu eraginkor eta azkarrenean erantzuteko. Bide beretik jarraitzea dugu helburu: unean-uneko beharrei erantzun, azkar, eta egoera gainditzeko mekanismoak eman, herritar ororen ongizatea bermatu eta bizi proiektu duina bultzatuz”. 

Eskaerak Elgoibarko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin behar dira, eta ondoren Gizarte Zerbitzuetako langileek kasu bakoitzaren azterketa indibiduala burutuko dute.

 

2022an 272 eskaera, 179.522,27 € laguntzetan

2022an 272 eskaera egon ziren 149 eskatzaileren partetik eta gastu totala 179.522,27 eurokoa izan zen. 2021ean baino 2 eskatzaile gutxiago izan dira, 151 eskatzaile izan baitziren orduan.

Gastuari erreparatuz, aurten, iaz baino 3.023€ gehiago gastatu da. Aipagarria da aurten Gizarte Larrialditarako laguntzen zenbait kontzeptutan emandako zenbatekoa handitu egin dela, alegia, alokairu laguntzetarako hileko zenbatekoa 25€tan igo da eta energia gastuetarako zenbatekoa 75€ gehiagotan. Horrez gain, aurtengo oinarrizko premiak eskaeretan %50eko minorazioa egin beharrean %25eko izan da. Era horretara, aurten, herritarrek gastuaren %50ari aurre egin beharrean %25ari aurre egin behar izan diote. Horrek guztiak aurtengo gastua handitzea ekarri du. 

Gizarte Larrialdietarako Laguntzek eskaintzen duten kontzeptu bakoitzeko egin diren gastuak honakoak izan dira: Etxebizitzaren mantenuari eta energia gastuei aurre egiteko eskaerei dagokienez, 148 (74+74) eskaera egon dira, eta kontzeptu hori dela eta 77.481,30€-ko gastua egin da. Alokairua ordaintzeko kontzeptuari erreparatuz gero, gastu horri aurre egiteko 56 eskaera egon dira, eta guztira, gastua 67.798,89€-koa izan da. Etxebizitza ordaintzeko hipoteka kredituarekin lotutako maileguak ordaintzeko laguntzari dagokionez, 9 eskaera egon dira eta 11.312,28€-ko gastua egon da. Oinarrizko premiei dagokienez, 42 eskaera egin dira eta 11.325,11€ bideratu dira kontzeptu honetara. Aurretiko zorpetzeari dagokion kontzeptuari erreparatuz, 14 eskaera egon dira eta 8.898,36€-ko gastua egin da. Etxea egokitzeko eta instalazioetara zuzendutako gastuei dagokienez, 3 eskaera egon da eta 2.706,33 €- ko gastua eragin du horrek. 

Eskatzaile kopuruari dagokionez, 2022 urtean eskatzaile kopurua 2021ekoa baino zertxobait txikiagoa izan da, 2 gutxiago. Onuradunen %59a emakumezkoak izan dira, eta %41a, gizonezkoak: 88 emakumezkoak eta 61 gizonezkoak izan dira. Naziotasunari dagokionez, erabiltzaileen artean, Espainiar estatuan jaiotako pertsonak ez ezik (52), atzerriko herrialdeetatik etorritako erabiltzaileak ere aurki ditzakegu (97).