‘Familia sarekada’ antzerkia ostiralean, martxoak 10, Herriko antzokian

  • Komedia katartiko honek interneteko pribatutasuna du hizpide. Sarrerak dagoeneko salgai daude https://herrikoantzokia.eus webgunean, eta, egunero, 18:15-20:45 bitartean eta egunean bertan antzokiko leihatilan ere jarriko dira. 
  • Horrekin batera, XXII. Aurresku Txapelketa, Musika Eskolako dantza taldearen jaialdia edota Laburbira 2023 euskarazko film laburren zikloa eskainiko dira Elgoibarren datozen egunotan. 

Aurrera doa martxoa eta beste aste batez, egongo da zer egin edota zer ikusi Elgoibarren, kultur ekintzez beteriko astea izango baita hileko bigarren aste hau.

Jardueren agendan, ostegunean, martxoak 9, Elgoibarko Isiltasunaren Eskolarekin abiatuko da. 19:00etan izango da, Kultur Etxeko sotoan. Bigarren saio bat izango da martxoaren 23an. 

Ostiralean, martxoak 10, halaber, ‘Familia sarekada’ antzerkia jasoko du Herriko Antzokiak. Vaiven producciones ekoiztetxearen eskutik, etxean lasai afaltzen ari direla,  Delitu Informatikoen Unitatearen (DIU) sarekada bat jasaten duen familia baten historia kontatzen du obra honek, familiako norbaitek porno domestikoko sare bat daukanaren susmoa baitago. Komedia katartiko hau umoreaz baliatuko da Interneteko pribatutasuna esesten eta eraisten ari diren garaiok irudikatzeko. Olga Margallo du zuzendari eta aktore gisa arituko dira Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Ainhoa Aierbe eta Xanti Korkostegi, Aitziber Garmendiaren lankidetza bereziarekin. 

Antzezlana 19:00etan izango da, Herriko Antzokian. Sarreren salmenta https://herrikoantzokia.eus webgunean, eta, egunero, 18:15-20:45 bitartean eta egunean bertan antzokiko leihatilan ere eskuratu daitezke. 

Horrekin batera, martxoaren 10ean amaituko da Elgoibarko VI. Idazlanen lehiaketan parte-hartzeko epea. Lehiaketa hau LH3tik hasita Baxilergo edo Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Idazlanen gaia librea da eta euskaraz idatzita egon behar du. Lanak ikastetxean bertan edo HAZen aurkeztu behar dira. 

Igandean, martxoak 12, dantza nagusi izango da Elgoibarren, izan ere, goizeko 11:00etatik aurrera, XXII. Aurresku txapelketa ospatuko da Herriko Antzokian, Bereziartua Musika Eskolak antolatuta. Sarrera doakoa izango da. Eta dantzarekin jarraituz, datorren asteazken eta ostegunean, hau da, martxoaren 15ean eta 16an, Musika Eskolako dantza taldearen jaialdia eskaimiko da, 19:00etatik aurrera, hau ere Herriko Antzokian. Kasu honetan, sarrera gonbidapen bitartez egingo da. 

Asteazkenean, halaber, martxoak 15, “Laburbira 2023” euskarazko film laburren zikloa eskainiko da 21:00etatik aurrera Herriko Antzokian. Sarrera ere doakoa izango da ekitaldi honetan. 

Eta asteko honetako kultur jarduerekin amaitzeko, ostegunean, martxoak 16, guraso eta hezitzaileei zuzenduriko tailerra eskainiko da Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. “Zer irakurri etxean, nola aukeratu liburu aproposak” izenpean, tailerra Dorleta Kortazarren gidaritzapean egingo da. Tailerraren bigarren saio bat ere egingo da hilaren 23an. 

 

Emakumeen hilabetea Elgoibarren

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, halaber, Elgoibarko Udalak, egitarau berezia antolatu du hilabete osorako, herriko hainbat elkarte, eragile eta talderekin elkarlanean. 

Horri jarraiki, hilaren 19a bitarte hiru erakusketa desberdin egongo dira ikusgai herrian: “Gu herriko stem emakumeak” kale erakusketa, egun osoz irekita Lekueder parkean, Otsailak 11 erakusleihoak” erakusketa, herriko hainbat establezimendutan eta “Lumineszenteak” argazki erakusketa, Kultur Etxeko erakusketa gelan, egunero, 18:30etik 20:30era bitartean. 

Horrekin batera, martxoaren 9tik 13ra “Emakumeak Gora” ekitaldia eskainiko da Kalegoen plazan. 

 

Zinea

  • Almas en pena de Inisherin: martxoak 11, 12 eta 13.
  • Asterix y Obelix: El reino medio: martxoak 12
  • Laburbira, Euskara Sailarekin: martxoak 15 (doan)

 

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.