Udalak 8.000 eurorekin finantzatu zuen Gurutze Gorria 2022an, Elgoibarko pertsona ahulenen ongizatea sustatzeko

  • Elgoibarko Gurutze Gorriak arreta-programa batzuk aktibatzen ditu oinarrizko premien estaldura bermatzeko, hala nola haurren elikadura eta higienea.


Elgoibarko Udalak, Gizarte Zerbitzuen sailaren bitartez, eta Gurutze Gorriak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2022ko ekainean, udalerriko pertsona ahulenen eta behartsuenen ongizatea sustatzeko. Bere lana bultzatu eta laguntzeko, Elgoibarko Udalak 8.000 euroko dirulaguntza eman dio 2022an Elgoibarko Gurutze Gorriari.


Elgoibarko Gurutze Gorriak arreta-programa batzuk aktibatzen ditu oinarrizko premien estaldura bermatzeko, hala nola haurren elikadura eta higienea. Hauek dira diruz lagundutako jarduerak:

  • Elikagaietarako eta higiene-produktuetarako bonua, bai pertsonaletarako, bai etxeko produktuetarako, herriko saltokiekin hitzartuta, kalteberatasun- eta/edo hauskortasun-egoeran dauden pertsonentzat.
  • Behar zehatzetarako bonuak (eskola-materiala, adingabeentzako arropa…), baldin eta diruz laguntzen ez badira eta/edo beste bide batzuen bidez hornitzen ez badira.
  • Aipatutako produktuak erosteko zuzeneko zuzkidura ekonomikoa, Gizarte Zerbitzuek edo tokiko Gurutze Gorriak egindako balorazioagatik egokitzat jotzen diren familiei.
  • Udaleko gizarte-zerbitzuek edo Tokiko Gurutze Gorriak detekta ditzaketen beste premia batzuk.
  • Medikazio-hornidura berariaz baztertuko da bide horretatik.
  • Tailerrak (aurrez aurrekoak edo streaming bidez)
  • Etxeko ekonomia (asteko erosketa-produktuak, elikagaiak aprobetxatzea…) edo energia-pobreziari STOP (argiaren faktura, etxeko horniduren erabilerak eta abusuak…).

Lehentasunezkoa da egoera honetan dauden pertsonak artatzea: diru-sarrerarik gabeko familia/pertsonak, DSBE baino diru-sarrera txikiagoak dituzten familia/pertsonak, udalerrian erroldatutako familiak/pertsonak (gutxieneko antzinatasun-denborarik gabe), edo udalerrian benetan bizi diren familiak/pertsonak. Gurutze Gorriak eta Gizarte Zerbitzuen sailak batera baloratuko dituzte aurreko baldintzetan jasota ez dauden familien edo pertsonen egoerak.