- Itziar Ituño eta Ramon Agirre antzezleek solasaldia, eztabaida eta zirika oinarri dituen antzezlana dakarte Herriko Antzokira. Sarrerak dagoeneko salgai daude https://herrikoantzokia.eus webgunean, eta, egunero, 18:15-20:45 bitartean eta egunean bertan antzokiko leihatilan ere jarriko dira.
- Horrekin batera, KI.IMAK taldearen kontzertua, antzerki familiarra, zinea eta beste hainbat ekintza izango dira aukeran Elgoibarren.
Kantu eta kolore handiko hilabetea da otsaila Elgoibarren. Santa Ageda ospatu berri eta inauteriak ate joka, ekintzez beterik dator otsaileko bigarren aste honetarako kultur agenda.
Asteburuan, esaterako, antzerkia eta musika izango dira protagonista. Ostiralean, otsailak 10, Txalo Produkzioak-en “Hobe Ixilik” antzezlana jasoko du Herriko Antzokiak. Itziar Ituño eta Ramon Agirre dira bikotze antzezlea, biak “La Casa de papel” eta beste hainbat telesail eta filmengatik ezagunak. Antzezlanak solasaldia, eztabaida eta zirika izango du oinarri. Gizona eta emakumea. Emakumea eta gizona. Hizketaldian. Zertaz? Eguneroko kontuak edo gai potoloak, berdin dio. Baina, dena esan behar al da? Edo ez al da hobe, batzuetan, isilik gelditzea? Hori eta beste hainbat galderei erantzungo dio antzezlan honek, umorea ardatz izanik. Antzezlana arratsaldeko 19:00etan izango da Herriko Antzokian.
Igandean, halaber, KI.IMAK taldeak kontzertua eskainiko du 12:30ean Aita Agirre Kulturgunean eta kasu honetan, ekitaldia doakoa izango da. Arratsaldean, berriz, antzerki familiarra egongo da 16:30ean Herriko Antzokian. “Futbolariak eta printzesak” izenpean, antzezlan honek Odei eta Lur ditu protagonista. Klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Antzezlan hau, beraz, topiko sexistekin hautsi nahi duen haur eta gaztetxoentzako komedia azkarra da. Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailtzen duten egoerak umorez agerian uzten dira, antzerki jolasa eta musika lagun dutela.
“Hobe ixilik” eta “Futbolariak eta printzesak” antzerkietarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude https://herrikoantzokia.eus webgunean, egunero, 18:15-20:45 bitartean eta egunean bertan antzokiko leihatilan ere erosi ahal izango dira.
Asteburua amaituta, otsailaren 14an, asteartea, Orri Markagailuen lehiaketaren sari banaketa egingo da arratsaldeko 19:00etan liburutegian eta 15ean, asteazkena, Haurren Minbiziaren aurkako Eguna izanik, Aita Agirre Kulturguneko estalpea horiz argiztatuko da.
Zinea
- Babylon: otsailak 11, 12 eta 13
- Ongarri zinekluba: EO: otsailak 15
Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.
KZ Guneko doako ikastaroak
Otsailaren 14ra bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Oinarrizko interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi’ ikastaroa eskainiko da, 09:00etatik 11:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).
Elgoibarko idazlan lehiaketa
Hilabete osoan zehar, zehazki martxoaren 10a arte, zabalik egongo da Elgoibarko VI. Idazlan lehiaketa. Lanak ikastetxean bertan edo HAZen aurkeztu behar dira martxoaren 10erako. Lehiaketaren inguruko informazioa eta oinarriak udal webgunean daude ikusgai.