- Udal-ordezkariek adierazi dute “merkataritza-asoziazionismoa bide interesgarria dela merkataritza independentearen lehiakortasuna hobetzeko eta, horrekin batera, udalerriaren irudia eta bizitza hobetzeko”.
Elgoibarko Udalak 5.000 eurorekin babestu zuen 2022an Txankakua Merkatari Elkartearen jarduna herriko merkataritza sustatzeko. Laguntza bere osotasunean ordaindu berri da: diru-laguntzaren %90 hitzarmena sinatutakoan ordaintzea erabaki zen, eta gainerako %10a, berriz, justifikazioa aurkeztu ostean.
Txankakuak eta Udalak prestakuntza, komunikazio, animazio eta sustapenaren alorretan egin dute lan, baita Elgoibarko aisialdiko sektorean ere. Horrela, asoziazionismoa sustatu dute, hiriko merkataritzaren irudi bateratua eta erakargarria sustatu eta sendotu, bezeroak kanpainen bidez leialdu dituzte, gastu-ihesa saihesteko ekintzak burutu dira eta inguruko udalerrietako bezeroen asistentzia-fluxua erakartzeko ahalegina egin dute.
Bestalde, Elgoibarklik plataforma digitala jarri zen martxan 2020an, Elgoibarko saltokiak ikusgai jartzeko, haien digitalizazio-maila edozein dela ere. Elgoibarkliken 2022rako ekintza-plana bultzatu da, Elgoibarklik plataforma indartzea eta bultzatzea helburu izan duena, plataforma horri atxikitako denda guztien lan-, salmenta- eta zabalkunde-tresna izan dadin.
Udalak adierazi du “merkataritza-asoziazionismoa bide interesgarria dela merkataritza independentearen lehiakortasuna hobetzeko eta, horrekin batera, udalerriaren irudia eta bizitza hobetzeko. Erakundeok merkataritza osoa babesten jarraituko dugu, gure kale eta auzoetako enplegu- eta bizitza-ardatz estrategiko gisa bultza dezaten”.