- Planaren xedea da gune horretan dagoen ingurumen-, arkeologia- eta paisaia-ondarea babestea.
Elgoibarko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen, asteazken honetan, urtarrilaren 25ean, Karakateko Parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia, Udalak sustatua. Horrela, Karakate landa-parke gisa kalifikatzeko argi berdea ematen da, Karakate-Irukurutzeta-Agerre Buru natura-intereseko eremua, Elosua Plazentziako estazio megalitikoa tumulu eta trikuharri ugarirekin, Izarraitz -Aizkorri-Aratz eta Izarraitz-Arnoko korridoreen zati bat eta bisoi europarrarentzat natura-intereseko eremu bat integratuz.
Kripta S.L. enpresak idatzia, Karakateko Parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Bereziaren helburua da gune horretan dagoen ingurumen-, arkeologia- eta paisaia-ondarea babestea. “Dokumentuak eremu honetan ezarri beharreko jarduerak eta erabilerak arautzeko eta antolatzeko oinarriak ezartzen ditu, bertako balio naturalak, nekazaritza eta abeltzaintzakoak, paisaiakoak eta aisialdikoak kontserbatu eta birsortzen direla bermatzeko, eta horien erabilerak, loturak, lurzoru-erreserbak eta garapenak zehaztuz” Udal Gobernutik nabarmendu dutenez.
314 orrialde eta hamar kapitulu desberdin ditu (kontzeptu orokorrak, informazio-memoria, justifikazio-memoria, araudia, antolamendu- eta kudeaketa-jarraibideak, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioaren azterketa, herritarren parte-hartzearen txostena, hizkuntza-inpaktuaren txostena, genero-eraginaren txostena eta planoak). Gainera, dokumentuarekin batera, 268 orrialdeko bigarren liburuki bat doa, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa jasotzen duena.
Plana behin betiko onartu da. Tokiko Gobernu Batzarrak, uztailaren 18an egindako bilkuran, hasierako onarpena eman zion Karakateko parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Bereziaren dokumentuari, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak egindako ingurumen-txosten estrategikoaren ondoriozkoak baldintzatuta, zeina aldekoa izan zen. Plana jendaurrean jarri zen 2022ko uztaila eta abuztua bitartean.