BAGAOZ! jaiak Elgoibarko Gazteen Emantzipazio Planaren prozesu parte hartzailea borobilduko du larunbatean, azaroak 19
- Udalak nabarmendu du “Udalak gazteekin harremanak eraiki eta sakontzeko modu bat da elkarlana egitea eta beraien intereseko ekintzak sustatzea, BAGAOZ! Jaia kasu”.
- 2022 amaieran aurkeztuko da “Gazteak Elgoibarren Emantzipatzeko Plana 2023-2027” eta 2023an hasiko da bertan jasotako lerro ezberdinak abian jartzen.
Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Elgoibarko gazteek elkarlanean, BAGAOZ! Jaia antolatu dute larunbat honetarako, azaroak 19. Udalak hainbat bilera burutu ditu 12 gaztez osatutako talde batekin honako egitaraua antolatzeko:
10:30 – KARAKATERA IGOERA.
12:30 – ERRIFEN SARI BANAKETA
13:00 – TXUPINAZOA MAALAN
13:30 – Euskaraldia: “Esazu hitz bat” HERRI DANTZA Kalegoen Plazan
15:00 – GAZTE BAZKARIA, Sigmako parking-ean. 300 gazte baino gehiagok eman dute izena.
Ostean – SORPRESA
19:00-21:00 – MAUXITXA TXARANGA
22:00-01:00 – FAN & GO ERROMERIA
Egitaraua Morkaikok antolatzen duen Karakatera igoerarekin eta Euskaraldiaren hasiera ekitaldiarekin uztartu da.
Errifa bat antolatu da Karaketara igoera dela eta Euskaraldiaren hasiera ekitaldian egingo den Herri Dantzan parte hartzera animatzen dira herriko gazte guztiak.
Jaia bai, baina baita prebentzioa ere; horretarako, alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko alkoholemia ibiltaria izango da 19:00etatik 22:00etara Sasoia elkartearen eskutik eta Bizi Bitxi elkartearen eskutik, eraso matxisten prebentziorako gunea, 22:00etatik 01:00etara, Maalan.
Gazteria martxan herri hobe bat eraikitzeko
“Bagaoz” izenarekin honakoa adierazi nahi da: Elgoibarren gazteak bagaoz, martxan, aktiboki parte hartzen eta Elgoibarren bizitzeko eta gozatzeko gogoarekin.
Jai honekin Udalak borobildu nahi du Gazteen Emantzipazio Planaren prozesu parte hartzailearen bukaera; “lana, esfortzua bai, baina baita jai giroan gozatu ere”. Udalak nabarmendu du “Udalak gazteekin harremanak eraiki eta sakontzeko modu bat da elkarlana egitea eta beraien intereseko ekintzak sustatzea, BAGAOZ! Jaia kasu”.
Ideia hau Udala gazteekin lantzen ari den “Gazteak Elgoibarren Emantzipatzeko Plana 2023-2027”-rekin lotzen da. Gazteekin Elgoibarren gustura bizitzeko eta emantzipatzeko beharrezkoak diren beharrizanak jaso nahi dira planean; honela, gazteen emantzipazio prozesua errazteko eta gazteak Elgoibarren emantzipatzea ahalbidetzeko.
2021ean egindako diagnostikotik abiatuta, 2022an Eusko Jaurlaritzak % 100ean finantziatuta, plana lantzen ari da Udala, Ikertalde enpresarekin elkarlanean.
Aste honetan amaituko da 250 gazte baino gehiagok parte hartu duen prozesua, gazteen iritziak eta ekarpenak biltzeko; inkestak, taldeko saioak eta elkarrizketa indibidualizatuak egin dira urria azaroa bitartean.
2022 amaieran aurkeztuko du Udalak plangintza eta 2023an hasiko da bertan jasotako lerro ezberdinak abian jartzen.