2023ko EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak elgoibartarrok betidanik izan dugun euskaldun izateko nahia aldarrikatu nahi dugu. Hala izan da orain arte eta aurrerantzean ere hala izatea nahiko genuke. Udalak eta Elgoibarko Izarrak behintzat gure esku dagoena egiten jarraituko dugu elgoibartarron euskaldun izateko borondatea sustatu eta areagotzeko. Eta hori herriko entitate eta eragileekin batera egin nahi dugu, elkarrekin eta elkarlanean, sare-lanean, hori baita Elgoibarren euskara eta euskaltasuna sustatzeko modurik eraginkorrena.

 

Egin zutelako gara

Gure aurrekoek egin zutelako gara, bestela ez ginen izango.

Eta hori da, hain zuzen ere, abenduaren 1ean Herriko Antzokian ikusi, entzun eta sentitu genuena. Gure herriko euskalgintzaren historiaren atal bat baino ez dugu jaso – 1950-1990 urte artekoa – , baina bertan argi ikusi dugu egoerarik zailenetan ere euskaldun izaerari eutsi diola gure herriak. Euskaltasunak ezagutu duen zapalkuntzarik larrienetakoan ere, ikusi dugu Elgoibarrek zer eta zenbat egin zuen euskaltasunari eusteko. Zenbat ekimen, zenbat izerdi, zenbat jende, zenbat… dena gure herria euskaldunago izateko helburuaren mesedetan. Jaso dugu egin zutenaren berri eta eskertu diegu orduko euskaltzaleei egin zutena. Merezi zuten.

Gure aurrekoek egin zutelako gara, bestela ez ginen izango.

 

Egiten badugu izango dira

Orain guri dagokigu egitea.

Guri dagokigu gure aurrekoei lekukoa hartzea. Eta guk egiten badugu, gure ondorengoak ere izango dira. Egin zuten, egiten dihardugu eta egiten jarraitu behar dugu. Egiten eta eragiten. Euskalgintzaren transmisioak ez du etenik izan gure herrian, eta egoera oso bestelakoa bada ere duela 70 urteko Elgoibarrekin alderatuta, helburua bera da: Elgoibar euskaldunagoaren mesedetan jardutea. Horretarako egin zuten orduan, eta horretarako dihardugu orain. Horretarako eragin nahi dugu, besteak beste, herritarren sentsibilizazioan, hezkuntzan, aisialdian, arlo sozio-ekonomikoan, lan munduan, arlo digitalean… Ezin ahaztu Elgoibarko hizkuntza aniztasuna, hor ere eragin nahi dugu, hizkuntza eta kultura guztiei aitortza eginez, baina euskara eta euskal kultura erdigunean jarrita. Esparru eta lan-eremu asko dauzkagu begiz jota, eta oraintxe dihardugu lehentasunak erabakitzen.

Asko da Elgoibarren egin duguna, baina asko da egiteke eta egiteko daukaguna. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elgoibartarrok euskaldunagoak izateko egiten eta eragiten jarraituko dugu, Elgoibarren euskaraz bizitzea gero eta normalagoa izan dadin. Eta hori, arestian esan bezala, herritarrekin batera egin nahi dugu, herriko entitateekin elkarlanean. Sarean, Elgoibarko euskalgintza artikulatuta, bakoitzak berean egin eta denon artean geurearen ardura hartuta. Elkarrekin eta elkarrentzat lan eginez. Elgoibargintzan jardunda.

Gure aurrekoek egin zutelako gara, eta guk egiten badugu, gure ondorengoak ere izango dira.