Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerra antolatu du maiatzaren 24ean, 18:00etan, Aita Agirre areto nagusian.
Gero eta gehiago dira Komunitate Energetikoak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak, baina herritarrik gabe ez dago Komunitaterik eta ezinbestekoa da hortaz herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten. Tailer honen helburua gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza azaltzea da, jada funtzionamenduan daude mota desberdinetako Komunitate Energetikoen berri emanaz, herritarrek sistema energetikoan izan dezaketen eragin zuzena ulertu dezaten.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurrez izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 605-757-687(astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
- Informazio osagarria: www.argitu.eus
Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:
- Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
- Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak
- Energia Argitu Kit kanpaina (kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere).