Eskualdeko adierazle ekonomikoek suspertzeko, gure herriak erakargarri egin eta Debabarrena birsortzeko jarduera espezifikoak bultzatzeko 8 herrien arteko lankidetza eta gainerako administrazioen babesa eta laguntza eskatu du. “Eskualdea laugarren euskal hiriburu gisa antolatu nahi dugu, eta garaiz gaude narriadura atzera egin ezin dugun puntu batean sar ez dadin”.
Hiru ideia nagusitan jarri du fokua alkateak: hiri-eremua, industria eta enplegua eta formakuntza-talentua.
Elgoibarko alkateak, Ane Beitia, agerraldia egin du gaur, Mendaro, Soraluze eta Mallabiako alkateekin batera, Debabarreneko eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia eratzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean. Legebiltzarreko mahaiari zuzendutako legez besteko proposamena da, Legebiltzarreko osoko bilkura batean eztabaidatzeko. Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskal sozialistek aurkeztu dute, eta «hausnarketa sakona egitea» proposatu dute, «COVID-19aren krisiaren ondoren industria-ehunaren galera saihesteko eta haren birsorkuntza ekonomikoa sustatzeko». Proposamena egin duten taldeek uste dute eskualdeko adierazle ekonomikoek suspertzeko eta Debabarrena birsortzeko jarduera espezifikoak merezi dituztela.
Ane Beitiak nabarmendu duenez, “Elgoibarrek izaera industrial handia du, makina-erremintaren hiriburua bezala ezagutzen dena, eta horrek udalerriaren garapen oso garrantzitsua ahalbidetu du. Industriak garrantzitsua izaten jarraitzen du udalerrian, eta bertan lan egiten duten biztanleen kopuruak behera egin duen arren, horri eta horrek sortu duen aberastasunari esker izan da, udalerriari azpiegitura sendoak eta kalitatezko zerbitzuak eman ahal izan zaizkiolako. Horri eutsi behar diogu eta enpresei aukerak eskaini eta enplegua bultzatzen jarraitu, aldi berean, herria bertan bizitza-proiektua garatzeko erakargarri eginez”. Horretarako eskualdeko 8 herrien arteko lankidetza eta gainerako administrazioen babesa eta laguntza eskatu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuek hiri-garapenean aurrera egin ahala, Elgoibar (eta Debabarrena, era berean), hiru hiriburuekiko distantziakidea, baina bere eragin-eremutik urrun, garapen horren biktima izan dela deritzo alkateak: “eskualdea laugarren euskal hiriburu gisa antolatu nahi dugu, eta garaiz gaude narriadura atzera egin ezin dugun puntu batean sar ez dadin. Elkarrekin”.
Hiru ideia nagusitan jarri du fokua alkateak: hiri-eremua, industria eta enplegua eta formakuntza-talentua.
Hiri eremuan argi utzi du hirigune historikoak duen berritze beharra. 50. Hamarkadan eman zen garapen industrialak herriaren garapen azkarra ekarri zuen. 90. Hamarkadaz geroztik, ordea, industriak bilakaera nabarmena izan du mundu globalizatuaren ondorio, eta herri erdigunean zein etxe atarietan genituen tailerrak herriaren kanpoaldera lekualdatu dira. Horrek herriko hainbat kaleren eraberritzea eskatzen du herritarrentzako atseginago eta erakargarriago egiteko”. Horrez gain, irisgarritasuna ere oinarrizkotzat du: “Elgoibarko orografia, azpiegitura eta oztopo naturalek barne irisgarritasuna hobetzeko ekintzak behar dituzte, udalerri barruan, hirigune historikoaren eta lehen zabalgunearen artean eta gainerako auzoetan mugikortasuna errazteko”.
Deba ibaiaren ingurua leheneratzea ere garrantzitsu da alkatearentzat: “Deba ibaia elementu berezia da, Elgoibarri, zeharkatzen eta zatitzen baitu, eta hiri-berroneratzearen ardatz gisa (fatxadak, pasealekuak…) aprobetxatu beharreko ezaugarri bereizgarria da. Oro har, ibilgua eta haren ingurunea lehengoratzea eta birgaitzeari lehentasuna ematen diogu”. Baita bidegorri eta garraioen sareari ere: “Eibarrekin eta Ermuarekin trenbide-maiztasuna handitzeak Mendaro eta Debaraino zabaldu beharko litzatekeen eskualde-harremana errazten du. Era berean, Ermua-Eibar-Malzaga bidegorria zabalduz gero, trenbide-trazadura zaharrak edo bide berriak Soraluze, Alzola eta Mendarorako bidegorri gisa egokitu daitezke, eta Debara, Mutrikura eta Ondarroara ere zabal daitezke”.
Industriari erreparatuz, Elgoibarko Udala 3 ildo estrategikoei heltzen saiatu da, herriko enpresen etorkizuna sendotu, modernizatu eta bermatzeko: Asmaola sortu zen, industrialdeak berrurbanizatzen ari da, eta udal-plangintzak ahalbidetzen dituen beharrezko handitzeak ahalbidetzeko egin da lan. Alkateak eskatu du industria-lurzoru berria garatzeko, lurzoru kutsatua berroneratu eta lehendik dagoen industria-lurzoru kontsolidatua leheneratzeko lankidetzak jardun eta baliabideak jartzea.
Formakuntzari garrantzi berezia eman dio Beitiak etorkizunera begira: “Barnealdean zein kanpoan ibilbide aitortua duten prestakuntza-zentroen presentzia dugu. Hori da gure altxorra, eta gurean dauden enpresen bermea. Talentu lokala”.
Foroa eratzea onartuta dago jada, eta haren funtzionamenduak Ezkerraldea eskualdean, Meatzaldean eta Oarsoaldean, eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan zentratutako aurretiazko ponentzien ibilbideari jarraituko dio.