Agenda 2030aren baitako Pleno Txikia 

  • Elgoibarko Udalak eta Debegesak, Herri Eskola, Ikastola eta Elgoibar BHI ikasleekin lankidetzan, 2030 Agendaren inguruan kontzientziatzeko hezkuntza-ekimen bat antolatu du. 

Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei. Aurten ere Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria gaia landu dute. 

Aurreko ikasturtean udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburua zutela ardatz. Aurten, aldiz, proposamen baten inguruan jardun dira buru belarri ikasleak, zehazki, kontzientziazio kanpaina bat antolatu dute. 

Ekimenaren baitan, hiru zentroetako ikasleek hainbat eredu landu dituzte, hala nola kalean zintzilikatzeko kartelak, etxeetan buzoneatzeko esku orriak, eta gazteleku eta ludotekako argi interruptoreetan jartzeko pegatinak sortu dituzte. Ekimenaren helburua  izan da Garapen Jasangarriko Helburuen garrantziaz eta horiek lortzeko neurriak hartzeko beharraz herritarrak sentsibilizatzea. Energiaren kontsumoa eta erabilera ardatza izan dute, eta zehazki,  argiteria eta berogailuen erabilera zuzena eta mugikortasun jasangarria izan dira hizpide.

Material horiek maiatzaren 30ean goizeko 10:30etan Elgoibarko Udalean egin zen Pleno Txikian erakutsiko ziren. Ekitaldi honetan, ikasleek tokiko agintariekin beren lana aurkeztu eta mezuak partekatzeko aukera izan zuten.

Elgoibarko Udalak ekimen hau aintzat hartu eta babesten du, eta garapen iraunkorraren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua dela nabarmentzen du.