Programazio zabala eskainiko du Elgoibarko Udalak 2022ko lehen seihilekoan Herriko Antzokian

Euskal artista esanguratsuen presentziaz gain, herriko hainbat artistek ere ikuskizunak eskainiko dituzte datorren urtearen lehen erdian.

Programazioa(PDF)

Elgoibarko Herriko Antzokirako 2022ko lehen seihilekorako programazioa antolatu Udalak eta zabala zein mamitsua izango da. Punta puntako ekitaldiak antolatu gura izan dituzte, ikuskizun eszenikoez zein kontzertuez.

Herrian izango diren euskal artista esanguratsuenetariko batzuk Ruper Ordorika eta Maite Larburu musikariak, Go!azen 8.0 taldea osatzen duten artistak eta Yllana antzerki taldea izango dira, besteak beste. Gainera, Udalak herriko artistak gehiago ezagutaraztea nahi izan du, eta honako hauen presentzia bermatuta dago: Niala magoa, Sustrai akordeoi taldea, Musika Eskolako jaialdiak eta Biraka Dantza Elkartea, besteak beste.

Elgoibarko Udaletik gazteentzako apustua egin nahi izan dute 2022an; izan ere, gazte txartela erabiliz gero, ikuskizun eta kontzertu guztietarako sarrerak hiru euroren truke erosi ahal izango dituzte.

Antolatuta dauden emanaldi guztietarako covid-19aren aurkako neurriak hartu gura izan ditu Udalak, eta, momentuz, guztietarako aforoa %60koa izango da. Informazio gehiago jasotzeko eta sarrerak erosteko bidea https://herrikoantzokia.eus/ webgunea da.

Programazioa (PDF)