arriagaauzoa

Gaur egun, 18 baserri daude Arriaga auzoan. Jatorrizko izena eta aldi berean  ofiziala Arriaga da, baina auzoa ezagunagoa da San Antolin izenaz, garai batean izen hori zuen ermita bertan egon zelako. Irailean egiten ziren festak oso ezagunak ziren. 1971 urte aldera ermita bota zuten autopista egiteko. Auzo honetan Zabale-Torre, XV. mendeko baserria, dago, herriko baserri dotoreenetarikoa dena.

Arriagan, Apraizeko errota ere ikusteko aukera izango dugu. Ekaitz eta Abatetxe errekastoetako urek bat egiten dute Apraiz errekan. Ur horiek aprobetxatuz, baserriaren ondoan dagoen burdinola, errota eta etxeari argi-indarra emateko erabiltzen zuten errota garai batean. Burdinola aspaldi desagertu bazen ere, oraindik zenbait aztarna geratzen dira. Errota orain urte batzuk berritu egin zuten.