Aiastia (San Migel) auzoaGaur egun 49 baserri daude Aiastia (San Migel) auzoan. Elgoibarko iparraldean dago auzoa, Markinarako bidean.  Oso auzo ezaguna da. Izan ere, bertako baserritarrek betidanik izan dute sanmigeldarren izaera oso errotua.

Oraindik ere, auzoko jaiez gain, sanmigeldarraren eguna ere ospatzen dute. Biak dira ekintzaz beteak, eta inguruetatik jende ugari erakartzen dutenak.

Aiastia (San Migel) auzoak badu bere ermita, baita frontoia ere, Murkaikupe, izen bereko mendiaren azpian kokatua. Frontoia 1989an auzolanean eraiki zen, eta 1993an estali egin zuten. Han egiten dituzte gaur egun ekintza gehienak.

Ermitaz gain, "Santutxoa" izenaz ezagutzen dena ere aurki dezakegu bidearen ezkerreko aldean. Aldare txiki moduko bat da eta
barruan San Migelen irudia dago. Errepidetik pasatzen diren ibiltariek bertara limosnatxoa botatzeko jarri dute.

Garai batean oso ezaguna izan zen Aiastia (San Migel) auzoaren gainean dagoen benta. Batera eta bestera ibiltzen ziren bidaiariek bertan egiten zuten geldiunea, gurdiak bultzatzen zituzten zaldiek ura edan eta atsedena hartu, gidariek zerbait jan edo gaua pasatzeko asmoz. Bentan logelak, taberna, denda eta bizarra eta ilea moztu edo konpontzeko "barberia" zeuden.