Elgoibartar ospetsuak

Pertsonaiak

 

Pedro Migel Urruzuno Salegi 
(1844 – 1923)

Pedro Migel Urruzuno SalegiPedro Migel Urruzuno Salegi 1844ko apirilaren 29an jaio zen Elgoibarren, eta apaiz egin ondoren ia bizitza osoa Mendaron eman zuen, lehenengo erretore bezala eta gero Agustinetako kaperau bezala.
Euskal idazle eta olerkari bezala Elgoibarko eta Mendaroko herrien esker ona ezezik, Euskalerri osoarena ere merezi du.

Bere izen-deiturekin gehienetan, eta baita batzutan “Ur-zale bat” eta beste horrelako izenordeekin ere, “Euskalzale”, “Ibaizabal”, “Euskalerria”, “Euskal esnalea” eta “Argia” aldizkarietan ehunka ipuin eta olerki zoragarri idatzi zituen.

Urruzunok bere lanetan erabiltzen zituen hizkuntza eta idazkera herrikoi eta jatorrak ziren. 1930. urtean argitaratutako” liburuaren hitzaurrean, honela zioen berak gai honetaz:

“Nere eginkizuna da, euskaldun guzien artean irakurtzeko zaletasuna piztea. Ortarako gauza errez ta atsegiñak bear dira oraindik. Gauza zaill ta landuaz aspertu ta nazkatu egiten baitira euskaldun geienak. Lotsagarria bada ere, egia ezin ukatu”.Auspoa argitaletxeak bost liburu ditu argitaratuak: “Euskalerritik zerura”, “Iru ziri”, “Sasiletrau baten ziria”, “Ur-zale baten ipuiak” eta “Urruzuno tar P.M.en Ipuiak”. Itzulpen garrantzitsuak ere egin zituen Urruzunok, adibidez, 1915ean Durango "Meza Santua zer dan" argitaratu zen, Martin Cochem alemanaren liburuaren itzulpena edo berak itzulitako beste liburu bat, Baudranek Aitaren erlijio-lan baten itzulpenak, 6 argitalpen izan zituen.

Aita Villasantek esandakoa gogoratuz, Urruzunoren “Ipuiak” euskal literaturaren herrikoiaren eredu izan beharko luke. Euskal umoreari dagokionez, esan genezake Euskal Herriak idazle gutxi izan dituela Urruzunok bezala euskal umore berezi hori bere lanetan azaldu dutenak. Pedro Miguel Urruzuno idazle euskaltzalea Mendaron hil zen 1923ko apirilaren 14an.

Luis Mazzantini y Eguia 
(1856-1926)

Luis Mazzantini y EguiaXIX. mende amaierako pertsonaia karismatsuenetako bat da. Giuseppe Mazzantini inginieru italiarraren eta Bonifacia Eguiaren semea Erroman hezi zen, eta errege-gazteluan lan egin zuen, trenbideetan lan egiten hasi aurretik. Hala ere, lan hura laster utzi zuen, zezenen muduan proba egiteko. Lankideen artean "El Señorito Loco" deitzen zioten, baina merezitako errekonozimendua "Rey del Volapié" ezizenarekin lortu zuen. Eta "Lagartijo", "Frascuelo", "El Guerra" edo "Espartero" toreatzaile famatuenen artean ibili zen.

Gainera, Madrileko zezenplazako enpresari izan zen, eta baita abeltzain ere. Zezenzaleen artean fraka jazteko aukera ere izan zuen, eta ohitura iraultzaile baten eragile izan zen: berak ezarri zuen zezenketan zozketa egiteko ohitura. Garaiko jakintsuen artean egon zen, eta Zuloaga famatuak 98. belaunaldiko toreatzailea deitu zion. Benlliure, Lhardy, Zorrilla eta Unamunoren adiskide izanak, Peña eta Goñi kazetarieri dolua proposatu zien, eta Sarah Bernhard maitemintzea lortu zuen. Zezenen mundua behin betiko utzi ondoren, Madrileko Udaleko zinegotzia izan zen, eta baita Avila eta Guadalajarako gobernadore zibil ere.

D. Fr. Frantzisko Aguirre Murga
(1863-1941)

D. Fr. Frantzisko Aguirre Murga1942an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

Frantzisko Aguirrek, Aita Aguirre izenaz ezagunagoa izan zenak, Dominikoen sotana zuria jaso zuen Toledon dagoen Ocaña herriko Santo Domingo komentuan, 1879ko irailaren 13an. Elizgizon ikasketak egin zituen eta baita emaitza ezin hobeekin bukatu ere.

1887ko apirilean presbiteratua lortu zuen. Handik hilabete gutxira, Txinako Fukien probintziara iritsi zen.

Bertan izugarrizko apostolatua egin zuen. Asian zehar, kristautasuna zabaltzeko lan garrantzitsua egin zuen, besteak beste, apaiz nahiz abadeak bideratuz, misioak zuzenduz eta eskolak sortuz.

Tiburtzio Beristain Berriozabal 
(1904-1953)

Tiburtzio Beristain BerriozabalSan Bartolome kalean jaioa, bost anaiaren artean gazteena izan zen.

Gaztetatik izan zuen kiroletarako joera, eta Haundiko atezaina zelarik, Deportibo Alavesek kontratua egin zion.

Horrela, Elgoibarrek izan duen lehendabiziko kirolari profesionaletako bat bihurtu zen. Aurrerapen handiak egin zituen eta Errealarekin fitxatzeko aukera izan zuen. Urte batzuk geroago, Iruneko Real Union talde famatuak fitxatu zuen.

Garaiko hainbat talde garrantzitsuen aurka ibili zen atezain lanetan, eta horretaz gain, Espainiako selekzioaren partida internazionalak jokatzeko deitu zioten hainbatetan.

Han, Real Madrideko Ricardo Zamora atezain titular famatuarekin topo egin zuen.

Gerrate Zibila zela eta, bere karrera bertan behera geratu zen, baina ez zuen hain gustoko zuen kirola utzi, eta Haundiko atea defendatzeari ekin zion berriz ere. Gero, taldearen entrenatzaile bihurtu zen.

Pedro Muguruza Otaño
(1893-1952)

1946ko abuztuaren 8an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

1916. urtean Madrileko Arkitekturako Goi-Eskolan promozioko lehenengo postuan lizentziatu zen. Lau urte geroago, oposizioetan, eskola hartako Proiektuen Katedra lortu zuen. Gerra Zibilean, 1937 urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostian langela bat jarri zuen bere esku, Hirigintza eta Arkitektura Antolakuntzan lan egin zezan. Lan haiek bere anaia Jose Mariaren laguntzaz burutu zituen. Urtebete beranduago, San Fernandoko Arte Ederren Errege-Akademian sartzea lortu zuen.

Garrantzi handiko hainbat kargu bere gain hartu ondoren, 1946 urtean, Arkitektu Eskolen Kontseilu Gorenaren eta Arkitektuen Ermandade Nazionalaren Administrazio Kontseiluko lehendakari izendatu zuten. Muguruza izan zen ermandadearen sortzaile. Honetaz gain, arkitektuen lehenengo Zuzendari Gorena izan zen, eta Arkitekturako Goi-Eskolan bere izena zuen katedra bat sortu zen.

Bere lan anitzen artean garrantzitsuenak: Elgoibarko merkatua, Madrileko Prentsa egoitza eta Coliseum eraikina; Hermanos Becquer kaleko Jauregi etxea; "Valle de los Caidos"-eko basilikaren proiektua (bera hiltzean, Diego Mendez ikasleak burutu zuena); Gorteen Jauregiko konponketa lanak, Santanderreko berreraikuntza plana edo eta Hondarribiako Zabalkuntza.

Gainera, Coullaut Varela eskultorearekin batera jardun zuen hainbat monumentu eraikitzen, esaterako, Madrilen Cervantesi eskainitakoa, edo Trujillon Pizarrori eskainitakoa, edo Monteviedon Zabalari eskainitakoa. Bere lanen artean daude, halaber, Bilbaoko Sagrado Corazon famatua eta Donostiako Urgull mendiakoa.

Gregorio Agirreko

Araozko (Oñati) Agirre etxeko ondorengoa, baina gazterik Elgoibarrera etorri zen bizi izatera.

Elortzako Antonioren, burdin saregile ospetsuaren, alabarekin ezkondu zen.

Gregoriok aitaginarrebarekin ikasi zuen ofizioa

. Arkitekto eta armagin handia izan zen.

Burdina ebakitzeko eta kanoiak karrakatzeko makina bat asmatu zuen.

Jose Maria Aizpitarte

16 urterekin Gasteizera joan zen Arteak eta Letrak ikastera.

Bertan Peñafloridako kondearen (“Euskalerriko Adiskideen Elkartearen” sortzailea) kide zen Montehermosoko markesaren etxean egon zen maiordomo.

Bertan, euskara-gaztelania hiztegi bat egin zuen.

Aizkibelek, euskal bibliografo eta hiztegigile azkoitiarrak, “Diccionario Basco-Español-Euskeratik erderara biurtzeko iztegia” egiteko oinarritzat hartu zuen. Aizpitarteren hiztegia ez zen inoiz argitaratu.

Nicolas Alkorta

1845ean Idotorbe (San Pedro) auzoko maisu izendatu zuten.

Aurretik, kaleko maisuaren laguntzaile izan zen.

Aiastia (San Migel) auzoko ermita egin zutenean, bera arduratu zen ermita eraikitzeko zeregin guztiez: berak antolatu zuen auzolana, paper kontua.

Ermitako aldarea eta erretaula ere berak egin zituen.

Oso esku ona zuen horrelako gauzetarako.

Ascensio Altzolako

Kapitaina. Merkataritza-enpresa handiak izan zituen Sevillan eta Mexikon.

Bere ontziekin jardun zuen merkataritzan.

Elgoibarko alkate izan zen 1564 urtean.

Bartolome Altzolako

Kapitaina. Aurrekoaren semea.

Aita bezala, bere merkataritza-enpresengatik izan zen ezaguna.

Elgoibarko alkate izan zen 1598an.

Frai Domingo Altzola Eta Konportaetako

Santo Domingoren ordenako erlijiosoa izan zen.

Valladolideko San Pablo Errege Komentuan egin zuen abitu-hartzea, eta Guadalajarako (Mexiko) gotzain izateko aurkeztu zuten, 1582an.

Altzolan jaio zen, eta bertako eliza bere laguntzari esker eraiki zuten.

Mexikon beste gotzain euskaldun baten, Frai Francisco Mendiolaren, ondorengoa izan zen.

Frai Pedro Amuskotegiko

Frantziskotarren idazkari nagusia eta Kantabriako probintziala.

Martin Arandiako

Arkitektoa.Valladolideko Santiago eta San Benito elizetako lanak burutu zituen.

Pedro Arenaza

Valentziako artzapezpikuaren bikario nagusi, probisore, gobernadore eta Llerenako Inkisizioaren Ofizio Santuko fiskal izan zen 1736an, Valentzian ere ofizio berean jarduteko aukera zuelarik.

Antonio Arrillaga

Mediku eta zirujau ospetsua (1886-1961).

1886ko urtarrilaren 17an jaio zen Arnoate baserrian. Ospitalea jarri zuen San Inazio kalean.

Gizon ospetsua, traumatologia arloan ospe handia izan zuen. Horretaz gain Elgoibarko, eta orokorrean, Euskal Herriko historialari eta ikerlari izan zen.

Herriko alkate izan zen 1918-20 eta 1924-30 urteen bitartean. Oso kristaua, gizon ona eta lagun hobea, ezagutu dutenek diotenez.

Mendizalea eta kirolzalea oso, pilotan ere jokatzen zuen.

Pedro Arrillaga Areizaga

Zirujaua. Elgoibarko traumatologia eskolaren sortzailea.

Juan Arrillaga

Bartolome Elorzarekin batera, burdingintza artistikoaren tradizioaren jarraitzaile izan zen.

Haren hainbat lan 1696an eraikitako Burgosko katedralean daude.

Pedro Basarteko

Erregearen idazkaria.

Maria Antonia Egizabal

Jaiotzez antzuolarra. Longako Lucasen, Elgoibarko parrokia egin zuten arkitektoetariko baten emaztea.

Longa arkitektoa obra bukatu baino lehen hil zenean, Maria Antoniak hartu behar izan zuen obraren ardura: kontratazioak, gestioak, ordainketak...

Antonio Elorza 
(1680-1734)

Bartolome Elorza burdinsaregilearen semea. Longa arkitektoaren iloba batekin ezkondu zen.

Herriko erregidore izan zen 1718-19 urteen bitartean, eta herriko alkate 1723-24 urteetan.

Burdinsareak eta balaustreak egiteaz gain, kanoiak ere forjatzen zituen. Bere ardurapean zeuden ikasleei ofizio biak irakasten zizkien.

Antonioren lanak ikusi ahal izango ditugu, besteak beste, Segoviako katedralean, Burgosko katedralean, Madrileko “El Retiro” delakoan, Calahorrako katedralean, Santo Domingo de la Calzadako katedralean, Logroñoko “La Redonda” kolejiatan, Alfaroko, Sesmako eta Lizarrako parrokietan, Iruñeko San Fermin kaperan, Gasteizko San Frantzisko komentuan, Loiolako Santutegian, ...

Juan Ermua

Ermuko Simonen eta Ana Abaranen semea. Txilera joan zen, eta bertan, Erresumako indiarren babesle izan zen.

Meatzeetako Eskribau ere izan zen, baina 1634an uko egin zion karguari.

Bigarren aldiz ezkondu zen Marcela Contreras, Mondragonekin.

Bere seme-alaben artean honako hauek aipatuko ditugu: Juan, Txileko Santiagoko katedraleko eskola maisua, eta Cristobalina, Iñigo Orueta kapitain bilbaotarrarekin ezkondua.

Garcia/Garcigallo Escalada Olaso

Felipe III erregearen idazkaria eta laguntzailea.

Eulogio Estarta Landa
(1891-1955)

1956ko martxoaren 20an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

Enpresaria eta Elgoibarko industriaren aitzindari handia. Arrazoi horregatik herriko seme kutun izendatu zuten, eta 1956an, Lanaren Urrezko Domina eman zioten.

Hasiera batean, Santa Ana eta San Inazio kaleetan izan zituen tailerrak. Bertan zulatzeko eta urdaia mozteko makinak egiten zituzten.

Gerora, 1913 urtean hain zuzen, “Estarta y Ecenarro” enpresa sortu zuen Teodoro Ecenarrorekin batera. 1943 urtean, enpresa hori elkarte anonimo bihurtu zen. 1955 urtean, “Estarta y Ecenarro” enpresak 611 langile zituen. Enpresa hori, geroago, “Sigma” izenaz ezagutu genuen.

Lehenengotan, prentsak egiten zituzten, baina “Sigma” josteko makina izan da fabrikatu zuten produkturik ezagunena. Aurrerago, makina erreminta egiten hasi ziren “Sigma” enpresan.

Eulogio Estarta 1955 urtean hil zen, Bartzelonan.

Bernardo Ezenarro
(1873-1956)

Irakaslea. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren.

Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademian amaitu zituen ikasketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker.

Elgoibarrera bueltatzean, Marrazketa Akademiaren ardura hartu zuen. 1916an Arte eta Lanbide Eskola sortu zuen Elgoibarren.

Bertako zuzendari izan zen 78 urterekin jubilatu zen arte. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. 1969an herriko kale bati bere izena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Gaur egun, Lanbide Heziketa Institutuak bere izena darama.

Simon Gabiola

1582 urtean jaio zen. Santiagoren ordenako zalduna izan zen. Ontzidietako eta Galeoietako ordaintzaile nagusia.

Frantzisko Ibarrako

Santiagoren ordenako zalduna; Gerrako Errege Kontseiluko idazkaria eta kontseilaria; Indietako Gerra Kontseiluko eta Haziendako kontseilaria.

Juan Ibarrako

Infanteriako kapitaina.

Pedro Ibinagako

Jaiotzez ermuarra. 1560an lehenengo udal eskola ireki zen Elgoibarren, eta bera izan zen eskola hartako lehenengo maisua.

Toribio Iriondo Sasian
(1848-1922).

Apaiza. Pedro Migel Urruzuno apaiz eta idazle elgoibartarraren adiskidea.

Euskarazko eliz kanten egilea. Haien artean ezagunena mezatan oraindik ere abesten den “Ogi Zerutik” kanta da.

Horretaz gain, hainbat idazlan eta bertso ere idatzi zituen.

Euskal idazleen artean toki berezi bat merezi du.

Martin Iñiguez Eta Karkizaoko

Gure herriko pertsonaiarik ospetsuenetakoa. Loaysaren bigarren espedizio bidaian parte hartu zuen.

Bidaia horretan bizia galdu zuten Elkano getariarrak, eta baita Loaysak berak ere..

A Coruñatik irten ziren zazpi ontzirekin, 1525eko uztailaren 24an.

Oso adoretsua zenez, Elkano edo Loaysa hil ondoren, sarraskiak jotako tripulazioaren ardura hartu zuen, eta itsasoaren erasoei aurre egin zien.

1527ko uztailaren 12an pozonduta hil zen Tidor uhartean, eskaini zioten bazkari batean.

Elgoibarko herriak etxebizitza multzo bat eraiki zuen bere omenez.

Pedro Jose Iturriza

Karlisten brigadierra izan zen, 1836an.

Juan Iturriza

Eskultorea. Urkiolako aldare nagusiko erretaularen egilea.

Sebastian Karkizaoko

Errege Gudarosteen hornikuntza ikuskatzailea.

Maltan hil zen, gudan gartsu borrokan ari zela, XVI. mendean.

Gabriel Krutzelegi Arriola
(1635-1689)

Bere bizitzako une batean Elgoibar utzi, eta Madrilera joan zen bizi izatera.

Madrilen, Santiagoren ordenako zaldun izendatu zuten. Gerra Kontseilu Goreneko eta Sevillako 24etako kide izan zen.

Barloventoko jenerala izatera iritsi zen, eta Erregeak galeoietako almirante izendatu zuen. 1684 urtean Filipinetako gobernadore kargua hartu zuen.

Herrialdea zatituta aurkitu zuen, lehengo gobernadorearen aldekoak batetik, eta Frai Felipe Pardo gotzainaren aldekoak bestetik.

Gogor jokatu zuen Krutzelegik, gobernadore ohia epaitu eta erbesteratu egin zuen.

Bera hil eta gero, berriz hasi ziren boterea hartzeko liskarrak. 1689an hil, eta Manilako Frantziskotarren komentuan lurperatu zuten.

Eugenio Larrunbideko

Itsas-armadako eta Gerrako Auzitegiko ministroa. 1836an hil zen.

Pedro Martin Larrunbideko

Carlos IIIaren Ordenako zalduna.

Burdinoletarako harrizko hauspoak asmatu zituen.

Andres Lekunberriko

Eskultorea eta arkitektoa.

Bere bi lan Lekeitioko Santa Maria elizan daude.

Olasoko parrokiarako aldarea, hau da, gurutze aldarerako erretaula berak egin zuen.

Ildefonso Lizarriturri

Organojole eta musikagile bikaina.

Francisco Lizundia

Real Gradoko lehenengo markesa.

Lucas Longa

Mendaron jaio zen. Arkitekto bikaina izan zen.

1693 urtean hasi zen Elgoibarko San Bartolome eliza eraikitzen, baina ezin izan zuen bukatu, 1714an hil egin baitzen.

Bere emazte Maria Antonia Egizabalek jarraitu zuen eraikuntza lanarekin.

Longari zor diogu, halaber, Urduñako haitza ireki izana.

Elgoibarko Altzola auzoan, arku eta habeen gainean hainbat etxe egin zituen.

Cristobal Marigorta

Burdinsaregile bikaina. Burdinean eta eztainuan landu zuen Azpeitiko parrokian dagoen Zurbano gotzainaren kaperako burdinsare artistikoa.

Burdinsareak bost metroko luzera eta sei metroko zabalera du. Bi atalez osatua dago. Bi atalon gainean, mailuz landutako friso polikromatu bat dago.

Friso horrek apaindura gotikoa eta prisma tankerako barroteak ditu.

Frisoak gailurreria dotore bati eusten dio. Friso horretan aipagarriak dira aingeruen irudiak.

Pedro Marigorta

Aurrekoaren semea, 1673an bi burdinsare eder landu zituen; bata Gasteizko Aramayona doktorearen etxerako, eta bestea, Bergarako Zabala jauregirako.

Beste hainbat lan ere egin zituen: esaterako, Bermeoko Frantziskotarren komentuko eta Asteasuko parrokiako erlojuak, Urretxuko parrokiako pulpitua, burdinazko balaustreduna.

Gaur egun, pulpitu moderno bat dago, lehengoaren ordez.

Jose Maria Mugerza

Zamorako katedraleko organojolea eta musikagile bikaina. Hainbat lehiaketatan sariak jaso zituen: Murtzian, Catanian (Italia)...

Juan Mugerza (1900-1937)
Korrikalaria izan zen. Entzute handia lortu zuen herriz herri egiten ziren kros lasterketetan.

Espainiako txapeldun izan zen 1917 urtetik 1923 urtera bitartean 5.000, 1.500 eta 800 metrotan.

Horretaz gain, Espainiako txapeldun izan zen 110 metro hesietan, bai eta taldekako erreleboetan ere.

1920an Anbereseko (Belgika) olinpiadan, 5.000 metroko lasterketan, zortzigarren postuan geratu zen, eta 1.500 metrotan, seigarren.

Behobia-Donostia lasterketako lehen edizioa ere berak irabazi zuen. 37 urterekin hil zen, Gerra Zibilean, Mungiako bonbardaketa batean.

Bere omenez, Juan Mugerza Memoriala sortu zen 1943 urtean.

 

Domingo Muguruza

Ubide eta Portuetako ingeniaria. M.Z.A. trenbideetako zuzendari ordea. Murtziako urtegien egilea.

Maria Ageda Odriozolako

Herriko lehenengo maistra izan zen, 1763 urtean.

Diego Olaso

Erregearen baleztari nagusia.

Gaspar Oliden

Aita agurgarria, San Cayetanoren ordenako kleriko erregeladuna.

Erroman bizi izan zen (1712).

Angel Osoro

“Angel Mutriku” gaitzizenaz ezagutzen zuten. Gerra sortu zenean, preso hartu eta Hernanin hil zuten.

Igeltsero fina eta euskaltzale sutsua. Euskal kultura eta folklorearekin zerikusia zuten guztien bultzatzailea.

Aurreskularia, antzerkilaria eta baserri auzoetako erromerien antolatzailea.

Euskal kantak ere irakasten zituen garai hartan Errosario kalean zegoen Batzokian.

Garai hartako “Argia” aldizkarian herriko bost edo sei kolaboratzailek idazten zuten, eta guztien bultzatzaile izan zen Angel Osoro.

Martin Sanchez Karkizao eta Arriagako

Errege Katolikoen ganberako idazkaria.

Placida Maria Jesus Uribe 
(1857)

Alargundu ondoren, 42 urterekin edo, seme-alabarik izan ez eta, Santa Klarako komentuan sartu zen.

Santa Klarako ikastetxea inauguratu zutenean, 1957ko urriaren 5ean hain zuzen, 100 urte bete zituen.

Emakume diruduna. Bere ondasunik gehienak komentuari utzi zizkion.

Emakume hori eredu izan zen arlo askotan.

Bere senarra eta aitaginarreba komentuko elizan bertan hilobiratu zituen.

Martin Zabala

Santiagoren ordenako zalduna. Isabel Abendañorekin ezkondu zen.

Juan Martinez Zabala

Izen bereko orubearen jabea; orube hori, gaur egun ere, Altzolarako bidean, goi batean, dagoen dorrea da. Oraindik ere mantentzen ditu antzinako ospearen aztarnak.

Sebastian Zabala

Armadako hornikuntza ikuskatzailea. Maltan hil zen, gudan, borrokan ari zela.

Luis Zendoia Barrenetxea

Bide inginiaria. Sierra Menerako (Terueleko Ojos Negros herriko meatze esplotazioa) burdinbidearen trazatua burutu zuen.

Saguntoko lanen bultzatzaile izan zen. Nafarroan, Obra Publikoetako zuzendari izan zen.

Crisanto Ziaran

Jesusen lagundikoa. Filosofo bikaina.

Frai Angel Ziaran

Domingotarren ordenakoa. Oso sermoilari ona

Pedro Zuloeta

Almirantea, Santiagoren ordenako zalduna.

Cadizen bizi izan zen, eta bertatik, laguntza handia eman zuen bere jaioterriko parrokia berria eraikitzeko.