Kalamuako tontorra

  • Elgoibarko Udalak Kalamua mendia balioestea du helburu aktuazio honekin, gailurrak eta bere inguruak duen paisaia, arkeologia eta natura-ondarea zaintzeko eta herritarrek gozatzeko. 5 hektarea inguruko lursaila da erositakoa.

 

Elgoibarko Udalak 5 hektarea inguruko lursaila erosi du Kalamuan. Elgoibarko Udalak Kalamua mendia balioestea du helburu aktuazio honekin, gailurrak eta bere inguruak duen paisaia, arkeologia eta natura-ondarea zaintzeko eta herritarrek gozatzeko.
Izan ere, Kalamua mendiaren gailurra zuhaitzik gabe egon da denbora luzean, bertara igotzen diren mendizaleak paisaia ikuspegi ederra dutelarik hara iristen direnean. Hau ez da horrela gertatu Elgoibarko mendi guztietan. Esate baterako, Moru mendiaren gailurrean pinuak landatuta egon dira Elgoibarko Udalak 2017. urtean lursaila eskuratu zuen arte. Morkaiko mendia ere, jabetza pribatukoa izanik, pinuak tapatuta egon da orain dela gutxira arte.
Bestalde, lursailean gerra zibileko frontearen aztarnak daude, eta Memoria historikoaren Elgoibarko ibilbidea lursail horretatik igarotzen da. Altzolan hasi Ziarda menditik pasatu eta Aiastia bailaratik kalamuaraino dator ibilbidea. Nabarmentzekoa da lursail honetan gerra zibileko lubaki bat dagoela.
Iñigo Loiola Garate zinegotziak nabarmendu du aktuazio “estrategikoa” dela bertako biodibertsitatea mantentzeko: “herritarrentzako erakargarri izatea nahi dugu eremua, beren gozagarri, eta aldi berean, espezie autoktonoentzako leku”.

 

Moru mendiko bi lursail erosi ziren 2017an
Udalaren enkarguz idatzitako Moruko, Olasoko eta Idotorbeko paisaia planaren barruan, abian jartzeko hainbat ekintza zehaztu ziren, eta besteak beste, Moru mendia eta bertan dagoen burdin aroko herriska berreskuratzea aurreikusi zen.
Eragindako lursailak Udalarenak ez zirenez, ekintza horiek abian jartzeko haien jabetza eskuratu zuen Udalak 2017an. Guztira, 4 hektarea inguru erosi zituen Udalak
Moru mendian pinua zegoen landatua eta moztu egin zen. Horren ordez bertako zuhaitz espezieak landatu ziren. Bestalde, hainbat indusketa arkeologiko ere egin dira bertan.