BetikoaGetukoa kanpainaren kartela

  • ”Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpainaren helburua tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da. Gabonen ostean amaituko da kanpaina. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina aurkeztu du. ”Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpainaren helburua tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da. 

Ekimen hau hainbat eragilerekin elkarlanean bideratu da eta EAEko udalerri askok bat egin dute proiektuarekin, tartean gureak. Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak elkarlanean antolatu dute ‘Betikoa. Gertukoa’ ekimena, baina kanpaina honek ez luke zentzurik izango merkatarien parte hartzerik gabe. 

Kanpainak, euskara eta bertako merkataritzak berezkoak dituen bi kontzeptu lotzen ditu: hurbiltasuna eta konfiantza. Kanpainaren lelo orokorra salerosketetan bezero eta saltzaileen artean ematen den harremanarekin lotu da, eta helburu nagusia da herritarrak eguneroko erosketetan euskara erabil dezaten animatzea. Horregatik, bereziki, lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago. 

Parte hartzeko, establezimenduan euskaraz ulertzeko gai den lagun bat izatearekin nahikoa da, hau da, bezero euskaldunei gutxienez, euskaraz ulertuko dien lagun bat egotea. Dagoeneko, Elgoibarko 26 establezimenduk adierazi dute kanpainan parte hartzeko interesa.

Kanpaina azaroaren 17an hasi eta Gabonen ostean amaituko da.

Kanpainaren zabalkunderako hainbat euskarri jarriko dira parte hartzen duten establezimenduetan, herritarrek jakin dezaten horietan erosketak euskaraz egin ditzaketela. Horregatik, bai Udalak, bai Elgoibarko Izarrak, herritarrak animatu nahi dituzte kanpaina honen mezuarekin bat egitera.