jubtaberna

• Horrekin batera, pixkanaka ohiko jarduna berreskuratzen joango da Biltokia, erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna lehentasun eta ardatz izanik. Horren baitan, hainbat ekintza antolatu dira datozen aste eta hilabeteetarako.

• Elgoibarko Jubilatuen Biltokiaren helburua da adineko pertsonak protagonista izatea, elkarrekin harremanak egitea eta beren interesekoak izan daitezkeen jardunak antolatzea.

Pandemiaz geroztik itxita egon ostean, Elgoibarko Jubilatuen Biltokiko Gizarte aretoak berriro zabaldu ditu ateak.

Aipatu aretoa itxita egon da orain arte, izan ere, alarma egoera amaituta bazegoen ere, adinekoak talde zaurgarria direla aintzat hartuta, Biltokiaren irekiera pausoz pauso egin du Udalak, uneoro erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna lehenetsiz eta bermatuz. Gizarte aretoaren irekierarako, esaterako, kontingentzia plan bat osatu du, erabiltzaileen ongizatea bermatzeko.

Orain, taberna eta erabilera anitzeko gelarekin batera gizarte aretoa ere zabalduta, Biltokia ohiko jarduera berreskuratzen joango da, eta bide horretan, datozen aste eta hilabeteetarako hainbat ekintza antolatu dira jada, hala nola Zumaiara egun bateko txangoa, Añanako Gatz haranera bisita edota bestelako jardun mota ugari. Ekintza eta irteera guztiak, noski, segurtasun neurri zorrotzen pean egingo dira, aurrez aipatu bezala, parte-hartzaile eta erabiltzaile ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

Azken areto honen irekierarekin, beraz, Udalaren asmoa da Biltokiaren izaera eta izana berreskuratzea eta hauspotzea, gizartean, pertsona gehienen txertaketak eskaintzen duen segurtasun balio erantsiaren bermea aprobetxatuz, adineko pertsonek protagonista izateko eta elkar harremanak izateko zein beren interesekoak diren jarduerak egiteko espazioa berreskura dezaten.