• Elgoibarko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari dira egoitza berri bat sortzeko, “bizikidetza-unitate txikiz” osatua eta “komunitateari konektatua”.

Elgoibarko adineko pertsonentzako egoitza berriak 130 plaza izango ditu guztira, “bizikidetza-unitate txikitan banatuta”, eta Pilar ikastetxeko partzelan kokatuko da, instalazio “moderno, irisgarri eta komunitateari konektatutakoan”. Hala iragarri du, gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok, udaletxean egindako lan bileraren ondoren, non parte hartu duten, baita ere, Ane Beitia alkateak eta Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak. Asistentzia-ekipamenduak, egoitzaz gain, eguneko zentro bat edukiko du, 40 plazakoa, eta lurpeko aparkaleku bat eraikiko da, 140-150 plazakoa.

Diputatu nagusiak azpimarratu du zentro berritzailea izango dela, eta Elgoibarko egungo eta etorkizuneko beharrei ez ezik, Debabarrena eskualde osoko beharrei erantzuteko gai izango dela. “Anbizio handiko proiektu bat da, elkarlanean sortua, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik zaintzeko”. Aldez aurreko azterketen arabera, egoitza berriak 10.500 m2 inguruko azalera izango du, eraikitze-kostua 21,3 milioi eurokoa izango da, eta obrak 2022. urtearen amaieran hastea aurreikusten da.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, “COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri du adinekoen egoitzetako bizitza, eta Gipuzkoan hasi genuen aldaketa-prozesua bizkortzea ekarri du, zainketa pertsonalizatuagoak, inklusiboagoak eta komunitarioagoak lortzeko". Horregatik, ekipamendu berri hau, azaldu du Olanok, bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da (12-18 lagunekoak) eta gehienak banako gelak izango dira, komunitateari irekita egongo da, bere inguruan espazio berdeak izango ditu, baita egonleku zabalak, jantokiak eta kafetegia ere; gainera, 40 plazako eguneko zentro bat, eta 12-15 plazako unitate psikogeriatriko bat ere izango ditu.

Egoitza berria ardatza izango da Elgoibarko zaintzen tokiko ekosisteman, espazio “irisgarria eta bere inguruneari konektatua”. Olanok defendatu du Gipuzkoa aurrera egiten ari dela laguntza- eta zaintza-eredu komunitarioago baterantz, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskaeretan zentratuta. "Gipuzkoako gizarte ereduak oinarritzat dauka egiteko modu propio bat, hirugarren sektorearen lankidetza eta esperientziarekin, eta gizarte zerbitzu eta politiken sistema finkatu batekin: gainera, gaitasun handia du eraldatzeko eta egokitzeko", azpimarratu du Olanok, eta, aldi berean, adierazi du: “Elgoibarko ekipamendu berria norabide horretan doa, hain zuzen ere, eta erreferente bat izango da lurralde mailan”.

Aurreikuspenen arabera, 2035. urtean, Gipuzkoako biztanleen erdiek 55 urte baino gehiago izango dituzte, “beraz, orain bultzatzen ditugun ekosistemek gero eta pertsona gehiagori lagunduko diote lurraldean". Markel Olanok gogorarazi du, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraitzen duela “estrategia partekatu” bat garatzen, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, alegia, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, helburutzat hartuta Gipuzkoa “zaintzen abangoardian” kokatzea, eta lurralde osoari ibilbide-orri bat markatzea. Estrategia horren bitartez, eta “partaidetzako ikuspegi batetik”, lanean ari gara lurraldeko gizarte politikak indartzeko, mendekotasunaren prebentzioan sakontzeko, iraupen luzeko zaintzak bultzatzeko, eta egoitza-eredua eta etxeko zaintzak sendotzeko, beste lehentasun batzuen artean. Estrategiaren diseinuan eta garapenean, lankide ditugu adineko pertsonak, senideak, zentroetako langileak, hirugarren sektoreko erakundeak, Batzar Nagusietako taldeak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, eta beste instituzio eta entitate batzuk. 

Ane Beitia Elgoibarko alkateak adierazi duenez, "Pilarren egoitza errealitate bihurtzen hasiko da legegintzaldi honetan, elgoibartarrei eman genien hitza betez. Egia da atzerapena izango duela hasierako aurreikuspenekin alderatuta, eta arrazoi nagusia COVID-19a izan da, zalantzarik gabe. Udalak 2021ean burutuko du lursailaren lagapena eta lanei 2022ko azken hiruhilekoan ekingo zaie. Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Pilarreko Egoitza Elgoibarko Udalarentzat legealdiko proiektu garrantzitsuenetako bat delako. Elgoibartarrengan eragin zuzena izango du, herritarrei, hurbilen duten eremuan, zaintza-zerbitzu eta arlo sozial aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz. Apustu estrategiko partekatua, tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin".