Kamerinoen planoa

  • Dagoeneko proiektua lizitazio fasean da, eta oinarrizko aurrekontua 45.056,92 eurokoa da (BEZa kanpo). Proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 14a izango da, eta obrak bi hilabeteko epean egitea aurreikusia du Udalak. 

  • Lanen helburua da antzokiko kamerinoen barne erreforma egitea, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu egoki eta atsegina eskaintze aldera. 

Elgoibarko Herriko Antzokia 1994. urtean inauguratu zen, eta orduz geroztik, zine emanaldiak, ikuskizun eszenikoak, kontzertuak, jaialdiak, zarzuelak, aurrez grabatutako ikuskizunak… programatzen eta eskaintzen dira bertan. 

Edozein kasutan, urteen poderioz, antzokiko azpiegiturak hobetu eta egokitzeko beharra antzeman du Udalak, eta horren harira, berriki, kamerinoak berritzeko proiektua atera du lizitaziora. 

Horren bitartez, asmoa da antzokiko kamerinoak erreformatzea, bertako erabiltzaile zein artistei kalitatezko azpiegitura egoki eta atseginak eskaintzeko. 

Gaur egun, antzokian bi kamerino daude, bata, aldagela gisa erabiltzen dena, eta bestea, komun eta dutxak dituena. Asmoa da bi espazio horiek goitik behera eraberritzea eta aldagela zein dutxa eta komunak bietan jartzea, eta ez, orain arte bezala, espazio desberdinetan bananduta. 

Horrela, pertsona edota enpresa interesdunek ekainaren 14a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, bestalde, 45.056,92 eurokoa da (BEZa kanpo). Obrak, halaber, bi hilabeteko epean exekutatzea aurreikusi du Udalak.