argiak

  • Efizientzia energetikoranzko urrats berri honen bidez, Udalak kostuaren eta kontsumoaren %50etik gorako murrizketa aurreikusten du, koadro elektriko bakoitzaren kontsumoa eta faktura optimizatuz eta horien mantentzea bermatuz, instalazioak aldizka berrikusiz.

  • Trantsizio energetikoaren aldeko apustuan, Elgoibarko Udalak urteak daramatza udalerrian argiztapena hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko hainbat jarduketa mota egiten.

Horrela, bada, 2018an, argiteria publikoaren auditoretza energetikoa egin zuen, eta bertan instalazioen baldintzak jasota geratu ziren. Energia aurrezteko hautemandako potentziala dela eta, eta energia-eraginkortasunaren aldeko konpromisoa eta apustua kontuan hartuta, Elgoibarko Udalak duela gutxi lehiaketara atera du argiztapen publikoaren energia kudeatu eta mantentzeko kontratua, energia-eraginkortasunaren araudi- eta gizarte-eskakizun berrietara egokitzeko eta argi-kutsaduraren mailak murrizteko jarduketa global eta integratua gauzatzeko.

 

Gauzak horrela, kontratu horren bidez, Udalak funtsezko bi alderdi jorratu nahi ditu. Alde batetik, argiteria publikoko instalazioen kudeaketa energetikoa kontratatzea. Kudeaketa horrek koadro elektriko bakoitzaren kontsumoen eta fakturen analisia jasotzen du, bai eta horietan egin daitezkeen optimizazioen analisia ere, kontsumo hori hobetze aldera.

Bestalde, argiztapen horren mantentze-lan prebentiboa eta zuzentzailea ere kontratatzea, uneoro mantentze-egoera ezin hobea bermatuz, instalazioak aldizka berrikusiz, bai eta argien egoera, baldintzak eta gabeziak ere. Horrela, mantentze ekipo bat egongo litzateke, argiteria publikoaren argiztapenarekin egon daitezkeen arazoei azkar erantzuten zaiela bermatzeko.

1331 argi aldatzea

Kontratuaren helburua da udalerriko eremu publikoetan argiztapen egokia bermatzea, eremu ilunik gabe, eta, aldi berean, ingurumenarekiko arduratsuak izatea, energia-kontsumoari buruzko kontzientzia hartuz, hura murriztuz eta, ondorioz, horrek egungo klima-krisian eragiten duen inpaktua minimizatuz.

Era berean, kontratu berean jasotzen da, kontratistaren kontura, LEDera pasatzeke dauden argiak ordeztea; beraz, guztira 1331 argi ordeztuko dira udalerri osoan, erdigunetik industrialdeetaraino. Jarduketa honen aurrekontua milioi bat eurotik gorakoa da.

Luminariak 6 hilabeteko epean aldatzea aurreikusten da, eta zeregin horiek amaitu ondoren, argi-azterketa bat egingo da, araua betetzen den eta ikus daitezkeen puntu ilunak aztertzeko. Herritarrek emandako puntuekin batera, Udalak puntu horiek indartu eta/edo hobetu egingo ditu.

Kontratuaren aurrekontua 2.529.874 eurokoa da eta 10 urteko iraupena du. Aldaketa horrek guztiak eragin nabarmena izango du argi-kutsaduraren jeitsierarekin eta argiteria publikoaren fakturaren murrizketan, % 50etik gorako gutxitzearekin.

"Udalak trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten du, eta Elgoibar udalerri iraunkorra eta ingurumenarekiko eta, bereziki, klima aldaketarekiko errespetuzkoa izatea nahi dugu. Horregatik, Udalak urteak daramatza argi-kutsadura murrizteko lanean, hainbat jarduketaren bidez, eta urrats berri hau beste aurrerapauso bat da energia-kontsumoak planetan eragiten duen inpaktu hori murrizteko. Horrela, Elgoibarrek argiteria publikoan egiten duen kontsumoa gutxienez erdira murriztea lortuko dugu, eta Udalak sortzen duen aztarna txikiagoa izaten lagunduko dugu ", esan dute Udaletik.