Mintxetako taberna
Mintxetako taberna
  • Esleipen prozesua jada itxita, aurrerantzean Julen Agirre izango da aipatu tabernaren kudeatzaile berria.

  • Mintxetako igerilekuak, halaber, ekainaren 5ean zabalduko ditu Udalak, baita bertako taberna ere, hori ere, Julenek kudeatuta.

Mintxetako tabernak, kirol instalazioaren sarrera kokatuta dagoenak, alegia, hilabete ugari egin ditu itxita. Izan ere, azaroan, Elgoibar gune gorrian sartzearekin batera itxi egin zen eta horrela mantendu da gaur arte, kudeaketa kontratua jada iraungita, esleipen prozesua berriro martxan jarri behar izan baitzuen Udalak joan den urtarrilean.

 

Orain, jada prozesua itxita, aipatu tabernak badu dagoeneko irekiera data berria. Hain zuzen datorren maiatzaren 1ean zabalduko ditu berriro ateak, oraingoan, Julen Agirreren ardurapean.

Erronka hori baina, bikoitza izango da, datorren ekainaren 5ean Mintxetako igerilekuak zabalduko baitira eta horrekin batera, baita bertako taberna ere, hori ere, Julenek kudeatuta.

Udalak eta Julen Agirrek, beraz, bi tabernak kudeatzeko kontratua sinatu dute eta horri esker, datozen bi hilabeteetan, Mintxetak, Elgoibarrek eta elgoibartarrek bi taberna berreskuratuko dituzte guztien gozamenerako.