Langileak bulego batean

  • Dirulaguntza ildo horren baitan hiru laguntza lerro eskainiko ditu: jarduera ekonomikoa sortzeko dirulaguntza, arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko laguntza eta jarduera ekonomikoen erreleborako dirulaguntza. 

  • Guztira 25.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietara, beharrezkoa balitz, kreditua handitzeko konpromisoarekin. 

  • Helburua da momentuko egoera aintzat hartuta tokiko ekonomia berpizten jarraitzea, horretarako negozio bat sortzeko urratsak ematen dituzten pertsonei lagunduz, digitalizazio prozesua sendotuz eta oinordetzari lekua emanez, jarduera ekonomikorik itxi ez dadin.

 

Gaur egungo krisialdi ekonomikoaren testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa da tokian tokikoa babesten, indartzen eta bultzatzen jarraitzea, hain zuzen, herriko ekonomia berpiztu eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. 

 

Horri lotuta, Elgoibarko Udalak enpresei zuzenduriko dirulaguntza deialdia zabaldu berri du, ekintzailetzari, finkapenari eta ondorengotzari edota erreleboari zuzenduriko laguntza, alegia. 

Laguntza ildo honen baitan, hiru laguntza lerro desberdin jaso dira: 

  1. Jarduera ekonomikoa sortzeko dirulaguntza: enplegua sortzen duten enpresa jarduera berriei laguntzeko lerroa. 
  2. Arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko dirulaguntza: enpresentzako dirulaguntzak, inguru digitala eguneratzen laguntzeko eta TicketBai ezartzeko. 
  3. Jarduera ekonomikoen ondorengotzarako dirulaguntza: pertsona fisiko edo juridikoek egindako enpresa ondorengotza / erreleboa. 

Laguntza hauen onuradunak izango dira edozein jarduera ekonomikotan enpresa gisa eratzen diren pertsona fisiko zein juridikoak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da ondorengo baldintzak betetzea: 

  • Pertsona sustatzaileak langabezian egotea. Sustatzaileak bat baino gehiago izanik, horietako batek, gutxienez, langabezian egon beharko du. 
  • Enpresak: proiektu berria enpresaren batek sustatzen badu, proiektuak, gutxienez, lanpostu zuzen bat sortu beharko du. 
  • Lanean dauden pertsonak: enpresentzako dirulaguntzak, inguru digitalak eguneratzen laguntzeko eta TicketBai ezartzeko eta pertsona fisiko edo juridikoei enpresarekin jarraitzen edota erreleboa egiten laguntzen dioten laguntzen kasuan, eskatzailea ez da nahitaez langabezian egon behar. 

Dirulaguntza lerro honetatik kanpo gelditzen dira partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak. 

Elgoibarko Udalak 25.000 euroko dirulaguntza bideratuko du, eskaeren arabera, eta beharrezkoa balitz, kreditu hori handitzeko konpromisoarekin. 

“Herriko ekonomia biziberritzea izanik Udalaren lan ardatz nagusietako bat, momentuko egoera kontuan hartuta eta zailtasunak zailtasun, negozio berri bat irekitzeko urratsak ematen dituztenei gure laguntza eskaintzea inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen dugu, are gehiago gurea den hori indartu eta bultzatu nahi badugu. Bestalde, krisi honekin, digitalizazio prozesua azkartu egin dela ikusi dugu eta horregatik, arlo digitala sendotzea eta eguneratzea ere lehentasunezkotzat jo dugu. Eta, noski, esfortzu hori guztia ezerezean geldituko litzateke oinordekotzarik edota erreleborik ez balego, horrenbestez, ildo horretan ere lanean jarraitzen dugu, jarduera ekonomikorik itxi ez dadin”, azaldu dute Udaletik. 

Dirulaguntza eskuratzeko eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 30a arte (egun hori barne) eta eskaera elektronikoki egin beharko da udal webgunearen bitartez (horretarako ezinbestekoa izango da B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela edo bestelako ziurtagiri digitala izatea).