Elgoibarko etxebizitak

  • Laguntza hori eskuratzeko baldintza nagusiak izango dira, besteak beste, 18 eta 35 urte bitarte izatea, gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea eta jabetzako etxebizitzarik ez izatea. 

  • Helburua da herriko gazteei alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzea, modu horretara haien emantzipazioa bultzatzeko eta horretara bideratuko ditu udalak 35.000€, eskaera kopuruaren arabera egokituz joango dena.

  • Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira www.elgoibar.eus webgunean ekainak 4a baino lehen. 

Gaur egungo gazteek, hainbat arrazoi medio -krisi ekonomikoa, langabezia tasa altua, prekarietate laborala, etxebizitzen eta alokairuaren prezio altuak…- emantzipatzeko zailtasunak dituzte.

Egoera horren aurrean, herriko gazteen emantzipazioa ahalbidetu eta bultzatzeko xedez eta hauek independizatzeko aukera gehiago izan ditzaten Elgoibarko Udalak 2017an jarri zuen martxan herriko gazteei zuzenduriko diru-laguntza lerroa, modu horretara, alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzeko. 

Ildo horretan, Udaletik jakinarazi dute dagoeneko zabalik dagoela aipatu laguntza eskatzeko epea. Laguntza horren bitartez etxebizitza alokatzeagatik ordaindu beharreko hileroko kuotaren zati bat lagunduko da diruz, eta kasu honetan, kontuan hartuko diren errentak 2021 urtekoak izango dira. 

Edozein kasutan, diru-laguntza eskatzeko bete-beharreko oinarrizko baldintzak ondorengoak dira: 

  1. 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  2. Gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea.
  3. Jabetzako etxebizitzarik ez izatea. 
  4. Alokairu kontzeptuan beste laguntzarik ez jasotzea. 
  5. Urtean, 18.000 euro gordin baino gutxiagoko eta 30.000 euro gordin baino gehiagoko diru-sarrerak ez izatea. 
    1. Bi kide edo gehiagoren kasuan, diru-sarrera ororen baturak ezingo du urtean 58.000 euro gordin baino gehiagokoa izan.  
    2. 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten pertsonak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen GAZTELAGUN programara atxiki beharko dira
  6. Aurreko hiru deialditan laguntza hau jaso ez izatea.

Aurrez aipatu bezala, diruz lagunduko da alokairuko hileroko kuotaren ordainketa, kasu honetan, 2021 urteari dagozkion kuotak. Edozein kasutan, laguntza hori jaso ahal izateko alokairuaren prezioak ezingo du 600€ bainoa altuagoa izan eta laguntza honetatik kanpo gelditzen dira babes ofizialeko etxebizitzak, azpierrentamenduak, gelen alokairua eta etxebizitza gisa erabiltzen diren lokalak. 

Horrela, dirulaguntzaren zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da: 

  • Sarreren batura 40.000 €-tik beherakoa bada laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 50ekoa izango da, gehienez ere, hilero 250 €-ko balioarekin.
  • Sarreren batura 40.000 €-tik gorakoa eta 58.000 €-tik beherakoa bada laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, gehienez ere, hilero 150 €-ko balioarekin. 

Urteko errentei dagozkien ordainketak, halaber, hiru alditan egingo dira eta, horretarako, dagozkien hilekoen ordainketak zuritu beharko dira, errenta ordaindu izanaren ordainagiriak modu telematikoan aurkeztuz. 

Interesdunek jada eskaera egiteko aukera zabalik dute, ekainaren 4a baino lehen eta modu elektronikoan egin beharko da www.elgoibar.eus webgunearen bitartez. Horretarako beharrezkoa izango da ziurtagiri elektroniko bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela…) eta hori Elgoibarko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu ahal izango da.