ikasleak laborategi batean
ikasleak laborategi batean
  • LH 6ko eta DBH 1eko ikasleek hartu dute parte eta egitasmoarekin bitartez, otsaila eta martxoa bitartean, herriko emakumeek egin eta egiten duten lana ezagutu eta emakume zientzialariekin loturiko esperimentuak landu dituzte. 

  • Era berean Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ‘Matriuska’ antzezlana (Covid-19a dela eta atzeratuta) apirilaren 29an eskainiko da, osasun eta segurtasun berme guztiekin eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. 

Joan den otsailaren 11n, ‘Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatu zen eta horren harira, Elgoibarren 3 ekimen bultzatu ziren: ErakusleihoakO11 egitasmoa -herriko 15 komertzioetako erakusleihoak historian izan diren emakume zientzialarien omenez jantziz-, nagusientzako ‘Matriuska’ antzezlana eta 12-13 urte bitarteko gazteentzako Ingenieritza Pilulak deituriko egitasmoa. 

Azken hori otsaila eta martxoa bitartean eraman da aurrera  herriko ikastetxeetan, hain zuzen, Elgoibarko Ikastolan, Institutuan eta Herri Eskolan, LH 6 eta DBH1eko ikasleei zuzenduta. Egitasmoa Elgoibarko emakume ingeniari erreferenteek eta BIZILABEko emakume zientzialariek gidatu dute eta harrera ezin hobea izan du ikasleen artean. 

Izan ere, azken asteotan, 12-13 urte bitarteko gaztetxoek, mundu mailako emakume zientzialariekin loturiko esperimentuak egiteko aukera izan dute, hala nola, Mary Somerville eta koloretako planetak, Williamina Fleming era argi espektroa, Berenice Abbott eta ligth painting, Barbara McClintocken klorofilaren erauzketa… 

Horrekin batera, herriko emakumeek egin eta egiten duten lana ezagutze aldera, STEAM arloan dauden herriko emakumezko erreferente batzuk ezagutzeko aukera izan dute, hala nola, Amaia Kaltzakorta, Alcorta Forging Group-en ingeniari lanetan dabilen Dorleta Fernandez, Gaindu S.L.-n ingeniari lanetan dabilen Ane Garmendia, Codexintaseko Nagore Escudero eta Doimak-eko Natalia Solozabal. 

Helburua izan da, herriko gaztetxoei zientziarekiko interesa piztea, egungo gizartean dauden estereotipoak apurtzea -horretarako zientzian emakumearen lekua aldarrikatuz-, eta, noski, bide batez, herriko emakumeek egin eta egiten duten lana balioan jarri eta ikusaraztea, “are gehiago zientzia alorrean, eta orain, Covid-19aren pandemia dela eta, zientzia inoiz baino ezinbestekoago zaigun honetan. Hor dago etorkizuneko gako bat, eta Elgoibarren badugu hazi hori. Ezagutu eta balioan jarri behar dugu”, azaldu dute Udaletik Ingenieritza Pilulak egitasmoaren balorazioa, beraz, oso positiboa da, “lehen alea besterik izan ez bada ere, oinarrizkoa helburua lortu delako”, gehitu dute Udaletik. 

Horri lotuta, Udalak eskerrak eman dizkie egitasmoan parte-hartu duten ikastetxeei eta, baita, noski, emakume erreferenteei ere, “hain zuzen emakumeen presentzia zientzia munduan bistaratzeagatik eta Elgoibarren duguna ere ikasleentzat balioan jartzeagatik”. 

Etorkizunera begira, halaber, lanketa horri BIZILABEN bitartez jarraipena ematea da helburua, Elgoibarko gaztetxoak zientzia mundua ezagutzen eta barneratzen joan daitezen eta puntako gaietan eta erronka errealetan lan egiten ikas dezaten, genero-ikuspegia eta inklusioa kontuan hartuta.

Hona hemen ikastetxeetan egindako lanketaren bilduma: 

Ikastola: 

https://elgoibarikastola.eus/eu/node/2801

 Institutua: 

https://elgoibarbhi.hezkuntza.net/eu/inicio1

Herri Eskola

https://elgoibarlhi.hezkuntza.net/eu/ 

Matriuska antzezlana, apirilaren 29an

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira helduentzako antolatutako Matriuska antzezlana, halaber, apirilaren 29an eskainiko da. 

Hasiera batean otsailaren 13rako aurreikusita zegoen, baina Elgoibarren Covid-19ak izan duen intzidentzia altuaren ondorioz atzeratu egin zen herritarren segurtasuna bermatze aldera. 

Horri lotuta, Udaletik jakinarazi dute ekitaldia osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuta eramango dela aurrera, horretarako beharrezko protokoloa eta higiene eta prebentzio neurriak aplikatuz. Ildo horretan, aforoa mugatua izango da eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, ondorengo estekan: https://labur.eus/matriuska

Aipatu antzezlana Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroak elkarlanean sorturikoa da  eta ikerkuntza betean murgildurik dauden bi zientzialarien historia du ardatz. Bi pertsonaia hauek beren gorputzetara iristeko egingo duten bidaia da, hain zuzen, Matriuska. 

Bi pertsonaiek, ezarritako sisteman bizirauteko, beraien gorputzarekiko harremana etenda dute aspalditik eta, gaur, ikerkuntza honetan sakontzen hasi direnean, beren gorputzarekin egingo dute topo. Emakume gorputzarekin. Gorputz kolektibo batekin. Aurreko emakume guztiek, belaunaldiz belaunaldi informazioz bete duten gorputz horrekin. Emakume isildu, sortzaile, indartsu, bortxatu, ausart, baztertu… guztiek osatzen dute beren gorputzarekin, alegia. 

Eta hain zuzen hortik abiatuta, historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta izanak berreskuratzeko beharraz hitz egiten du antzezlanak., umore biziaz, ikuslea ahalduntze bidaia indartsu baten parte bilakatuz.