Moru
Moru
  • 2017tik ari da Elgoibarko Udala Moru mendiko ingurunea zaintzen eta berreskuratzen. Herrian ere beste 50 zuhaitz landatuko dira berdeguneak ugaritzeko. 

Elgoibarko Udalak 2017an ekin zion Moru mendiko ingurunearen berreskuratze prozesuari. Burdin Aroko herrixka hondakinak ditu mendiak eta garrantzitsua da bertako ingurunea zaindu eta balioa ematea. Ingurunea berreskuratzeko hainbat lan egin diren arren, landaretza autoktono gutxi hedatu da bere kabuz. Horregatik, 600 zuhaitz landatuko ditu orain Udalak. 3.200€-ko inbertsioa izango da (BEZa kanpo).

Landatuko diren zuhaitzak dira pagoa, bertako haritza eta bertan sortuta dauden lizarrak, gaztainondoak, urkiak, gorostiak etab… Helburua da hemendik urte batzuetara baso aberats eta eder bat lortzea. Udalaren ildo estrategikoa da ingurunearen zaintza eta berreskuratzea, Elgoibarko ondare naturalari balioa emateko. Herrian bertan ere 50 zuhaitz landatuko dira berdeguneak areagotzeko.

Burdin Aroko herrixka hondakinen berreskuratzea

Paisaiaren Ekintza Plana idatzi zuen Udalak 2017an, Moru mendiaren gailurra erosi zuenean, eta 2018an hasi zen berreskuratze lanekin. Burdin Aroko herrixka hondakinak dituenez, hainbat prospekzio arkeologiko egin dira eta egiten ari dira tresna teknologikoen bidez garai batean populatuta zegoen eremua mugatzeko. Bertako hondakinak berreskuratzea eta aztarnategiaren ezaugarriak sakonago ezagutzea da lehentasuna.

2018an, duela urte batzuk landatu ziren pinuen gailurraren eremua garbitu zen balio arkeologikoa berreskuratzeko. Ondoren, mendi-hegaleko pinuak moztu ziren. Lurra garbitu ondoren, udalak Elgoibarko ikastetxeekin batera, bertako 160 zuhaitz landatu zituen, balio arkeologikoa duen eremutik kanpo. Dena den, inausketaren ondoren, landaretza autoktono gutxi hedatu da bere kabuz eta Udalak beharrezkoa ikusten du bertako zuhaitzak landatzea inguru naturalaren berreskuratzeari bultzada bat emateko.