• URAZANDIKO IGOGAILUAREN LANAK
  • Ostiralean jarriko da goiko igogailuaren egitura metalikoa eta otsailaren 3an ipiniko dira beheko igogailuaren eta pasabidearen egiturak.
  • Zirkulazioa etengo da ostiral honetan 9:30etatik 10:30etara, eta otsailaren 3an 9:30-10:30 eta 14:00-15:00 bitartean.

 

Aurrera doaz elgoibartarren mugikortasuna errazteko Urazandi auzoko lehen bi eskailera mekanikoak 1 eta 9 zenbakietako blokeen arteko bi igogailu publikorekin ordezteko obrak. Ostiralean jarriko da goiko igogailuaren egitura metalikoa eta otsailaren 3an ipiniko dira beheko igogailuaren eta pasabidearen egiturak. Trafikoa moztuko da bi egun horietan ordubetez: ostiralean 9:30etatik 10:30etara eta, otsailaren 3an berriz, 9:30etatik 10:30etara eta 14:00etatik 15:00etara.

 

Udalak guztira 423.066,05 euroko inbertsioa egin du auzotarren mugikortasuna errazteko eta Elgoibar irisgarriagoa egiteko. Udalaren hirugarren Irisgarritasun Planean jasotzen den proiekturik azpimarragarrienetako bat da. Helburua da herriaren irisgarritasuna hobetzea eta inguruko hainbat herritarrek helarazitako eskaerei erantzutea. Bi igogailuen instalazioarekin batera, ingurua berrurbanizatzeko hainbat lan ere egingo dira, hala nola, hobekuntzak euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean. Gainera, led teknologiako 2 argi puntu berri jarriko dira.

Trafikoa ordubetez moztuta urtarrilaren 29an eta otsailaren 3an

Ostiralean jarriko da Urazandi auzoko 2. igogailuaren (goiko igogailuaren) egitura metalikoa. Goiko sartze-kotatik jarriko da kamioi baten laguntzaz, eta, ondorioz, 9:30etatik 10:30etara trafikoa etengo da egitura altxatzean. Gainerako denboran, errei gaitu bat mantenduko da, bi noranzkoetan zirkulatu ahal izateko. Seinaleztapena jarriko da trafikoa erregulatzeko.

Otsailaren 3an jarriko da lehen igogailuaren eta pasabidearen egitura. Goizean igogailua ipiniko da eta pasabidea, berriz, arratsaldean. Bi egiturak beheko sarbidearen kotan ezarriko den autogarabiaren bidez jarriko dira. Kasu honetan ere, ibilgailuen zirkulazioa ordubetez moztea aurreikusten da egitura bakoitzerako (9:30-10:30 eta 14:00-15:00). Gainerako denboran, errei gaitu bat mantenduko da, noranzko bietan seinaleztapenaren bidez zirkulatu ahal izateko.