bizilabe2
  • Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren harira, Elgoibarko dendak emakume zientzialariez jantzi nahi dira, otsailaren 8tik 21era bitartean.

  • Kanpaina hau Bizilaberen barruan kokatzen da, 2019an Elgoibarren abian jarri zen eskolaz kanpoko ekimena, non gazteek zientzia eta teknologiako proiektuak garatzen dituzten.

  • Izen emateak gaurtik, abenduak 28, urtarrilaren13ra arte irekita egongo dira. Parte hartu nahi dutenek https://labur.eus/otsailak11 estekako formularioa bete edota HAZen (Santa Ana, 2) eskuragarri dagoen formularioa bete eta bertan entregatu beharko dute.

 Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren harira, Elgoibarko dendak emakume zientzialariez jantzi nahi dira, otsailaren 8tik 21era bitartean. Zentzu horretan, Elgoibarko Udalak, Elhuyar eta Egur Arte tailerrarekin batera, herrian martxan jarriko duen “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditu herriko komertzio eta zerbitzu guztiak, edozein sektoretan ari direla ere, betiere erakusleiho ikusgarria badute, ekimenean parte hartzera.

Kanpaina hau Bizilaberen barruan kokatzen da, 2019an Elgoibarren abian jarri zen eskolaz kanpoko ekimena, non gazteek zientzia eta teknologiako proiektuak garatzen dituzten. Bizilabe Euskal Herri mailako gazteentzako ikerketa zentroen sarea da, eta, ondorioz, Bilbo, Soraluze, Ermua, Tolosa eta Villabonako saltokiak ere batuko dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenera. Horrez gain, estatu mailan ere ospatzen da, “Escaparates 11-F” izenarekin.

Kanpainaren funtzionamendua

Denda bakoitzari emakume zientzialari bat proposatuko zaie eta haren ikerketa-gaia inspirazio gisa hartuz, erakusleihoa apaindu beharko da. Apainketa honetarako Egur Arte tailerraren laguntza izango dute saltokiek. Hala, ekimenean parte hartuko duten auzoko establezimendu guztiek protagonismoa emango diete emakume zientzialariei.

Halaber, saltokietan eta erakundeetan banatzeko eskuorri bat egingo da. Bertan, emakume zientzialarien istorioez gain, ekimenean parte hartu duten herriko denda guztiak agertuko dira, mapan kokatuta. Horrela, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ibilbidea egiteko gonbita luzatuko da.

Azkenik, bizilabe.elhuyar.eus eta www.elgoibar.eus webgunetan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenari eskainitako ataria egongo da eta honako elementu hauek izango ditu:

    • Mapa interaktiboa: ekimenean parte hartuko duten dendak agertuko dira mapan. Zuen dendan klik eginez, dendaren izena, erakusleihoaren argazkia eta zientzialariari buruzko informazioa ikusiko dugu.

    • Bizilabeko gazteen esperimentuen bideoak: Bizilabeko gazteek ikertzaile bakoitzaren inguruko kontakizuna eta haren asmakuntzari edo aurkikuntzari lotutako esperimentua aurkeztuko dituzte bideo bidez.

    • Esperimentuak etxean egiteko dokumentuak: Bizilabeko gazteek egindako esperimentuak etxean egin ahal izateko jarraibideak deskargatu ahal izango dira. Bertan, beharrezko materialak eta egin beharreko urratsen azalpenak jasoko dira.

Izen emateak

Inskripzioei dagokionez gaurtik, abenduak 28, urtarrilaren13ra arte irekita egongo dira. Urtarrilaren 18ko astean ikertzaileak esleituko dira eta otsailaren 5ean prest egon beharko du erakusleihoak. Parte hartu nahi dutenek https://labur.eus/otsailak11 estekako formularioa bete edota HAZen (Santa Ana, 2) eskuragarri dagoen formularioa bete eta bertan entregatu beharko dute.

Informazio gehiagorako: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / 943 74 10 50.