Zikloa iragartzeko kartela

Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak “Guraso trebetasunak lantzeko formakuntza zikloa antolatu du Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibarekin elkarlanean. Ikastaroa Gizarte Zerbitzuko edota Ludotekako erabiltzaileak diren eta 6-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten guraso edota tutoreei zuzenduta dago.

Jarduna azaroaren 26tik urtarrilaren 26ra egingo da eta gurasoei hezkuntza-ereduak eta hezkuntza-jarraibideak hobetzeko tresnak eta trebetasun egokiak ematea eta partekatzea du helburu nagusi. Konkretuki, honako puntuak landuko dira: familia egitura, hezkuntza ereduak, arau eta limiteak, emozioen kudeaketa, guraso eta seme-alaben arteko harremana, etab.

Guztira, 8 saio egingo dira eta taldea edota taldeak (parte-hartzaileen arabera talde bat baino gehiago antolatu daiteke) astean behin elkartuko dira Kultur Etxeko sotoan goizez edo arratsaldez (izena ematen dutenen interesen arabera ). Ekimenean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena Ludotekaren bitartez: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / 943 74 88 83 / 656 740 793.