San Pedroko eraikinak
San Pedroko eraikinak
  • Udalak 25.000 euroko inbertsioa egingo du segurtasun publikoa eta inguruko pertsonen eta ondasunen osotasuna bermatzeko hobekuntza-jarduketak modu subsidiarioan gauzatzeko.
  • Hainbat akatsez gain, 5. eta 6. eraikinen teilatuak hondoratzeak ditu, eta ez dago ziurtatuta eraikinaren egonkortasuna; eta horregatik, Udalak berehala jardutea erabaki du, etxebizitza horien jabe den enpresaren erantzunik ezean.
  • Ryde Obras y Servicios enpresa arduratuko da hobekuntza horiek egiteaz. Obrek 3 edo 4 egun iraungo dute eta eguraldi ona aprobetxatuko da lanak lehenbailehen egiteko.

Elgoibarko Udala gaur, irailak 9, hasiko da San Pedro kaleko 5. eta 6. zenbakietako eraikinak partzialki eraisten. Udal Zerbitzu Teknikoek egindako azken txostena arabera, aurri fisikoa berehalakoa denez, neurriak ahalik eta lasterren hartu behar dira. Hori dela eta, dagozkion hobekuntza-jarduketak Udalak berak subsidiarioki gauzatzen hastea erabaki du, segurtasun publikoa eta inguruko pertsonen eta ondasunen osotasuna bermatzeko.

 

Duela 5 urte, eraikinen teilatua erori egin zen etxebizitzen barrualdera, eta bide publikora erortzeko arriskua zegoen. Une horretan, Udalak babeseko markesina bat jarri zuen eraikinen perimetroan, oinezkoen ziurtasuna bermatzeko.

2019ko azaroan beste ikuskapen-bisita bat egin zen eta eraikinen teilatua barrualderantz hondoratuta zegoela ikusi zen. Teilatuaren erorketak arriskua eragin zuen eraikinaren beraren egituran, bai eta oinezkoen segurtasunean ere, erlaitza, erretena eta txintxorrak bide publikora erortzeko arriskua baitzegoen.

Hori ikusita, hilabete horretan bertan, Udalak etxebizitza horien erregistro-jabea den ELGOIBARKO SAN PEDRO SAri eskatu zion San Pedro kaleko 5. eta 6. zenbakietako etxebizitzen teilatua berreraikitzeko obrak egiteko, hondoratzea gertatu zen tokian, bai eta egoera txarrean zeuden itxiturak konpontzeko eta eraikin horien egitura eta segurtasuna arriskuan jar dezaketen akatsak zuzentzeko. Emandako hilabete bateko epea igarota, enpresak ez zuen ez idazkirik ez proiekturik aurkeztu Udalean.

Udal Zerbitzu Teknikoek 2020ko irailaren 3an beste bisita bat egin ondoren, 5. eta 6. eraikinen teilatuak hondoratzeak dituela ikusi da 4. eraikinaren mehelinaren ondoan eta iparraldean, 6. zenbakiko jabetzaren gainean. Beraz, une honetan, gailurra eta oraindik erori ez den teilatuaren zatia 5. eta 6. etxebizitzen mehelinean bakarrik bermatzen dira, eta ez dago ziurtatuta teilatuaren egonkortasuna. Mugimendu horiekin batera, teilatu-hegaleko erretenaren zati handi bat eta txintxorrak bat askatu dira. Halaber, eraikinak abandonatuta eta perimetroan hesituta daude, eta, gainera, espaloian babes-markesina bat dago. Teilatuko aipatutako arazoez gain, hainbat hutsune daude.

Horregatik guztiagatik, Udalak 25.000 euroko inbertsioa egingo du berehalako salbuespenezko neurri hauek hartzeko:

  • Eraikinen fatxadan finkatutako instalazioak kentzea.

  • Lehen solairuko teilatua eta fatxada eraistea, mugakideei eta kontserbatu beharreko elementuei ez eragiteko baliabide lagungarri egokiekin.

  • Behe-solairuko eta mehelineko fatxada kontserbatzea.

  • Beheko solairua garbitzea.

  • Fatxadan harrizko mentsulen elementuak berreskuratzea, ondoren berreraikitzeko.

  • 4. zenbakiko eraikinarekiko mehelina babestea, isolamendu termikoa emanda.

  • Beheko solairuan fatxadako baoak ixtea, hormaz.

  • Orubea drainatzeko sistemak ezartzea.

Ryde Obras y Servicios enpresa arduratuko da hobekuntza horiek egiteaz. Obrek 3 edo 4 egun iraungo dute eta eguraldi ona aprobetxatuko da lanak lehenbailehen egiteko.

Bien bitartean, gogoratu behar da Udalak duela hilabete batzuk hasitako desjabetze espedientea irekita duela.