kalegoenplaza
  • Gaur arratsaldean egindako osoko bilkurak ontzat eman ditu elgoibartarren ongizatea bermatzeko gastu soziala lehenestea ahalbidetuko duten aldaketak. Gizarte zerbitzuetako partida bakar batek ere ez du murrizketarik izan; are gehiago, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 100.000 euro gehitu dira. Aurtengo aurrekontu eguneratua 1,8 milioi euro murriztu behar izan da. Beraz, ekitaldi honetarako azken zenbatekoa 17 milioi euro ingurukoa izango da.
  • Gaur arratsaldean egindako osoko bilkuran Elgoibarko Udalak azaroan onartutako 2020ko udal aurrekontuak (18,79 milioi euro) egungo egoerara egokitu ditu. Kontuak berrikusteko, aurtengo egoera ez ezik, hurrengo ekitaldiak ere kontuan hartu dira, egoera oso aldakorra baita, eta 2021 ere urte zaila izango dela aurreikusten baita.

 

Zentzu honetan, aurtengo aurrekontua 1,8 milioi euro murriztu behar izan da. Beraz, ekitaldi honetarako azken zenbatekoa 17 milioi euro ingurukoa izango da.

 

Hasieran osasun krisia izan zena, ekonomia eta gizarte mailako krisi ere bilakatu da. Era berean, egoera honek ezohiko neurriak hartzera behartu ditu erakundeak, herritarren eta enpresen zailtasunak leuntzeko, eta bereziki pertsona zaurgarrienen eskubideak babesteko.

Krisi honek jarduera ekonomikoari eragindako geldialdiak, batetik, eta larrialdiari aurre egiteko administrazio publikoek hartutako neurriek, bestetik, zerga-bilketaren erorketa gogorra ekarriko dutela aurreikusten da, eta honek Elgoibarko udalaren kasuan aurrekontuan berrazterketa bat egitea eskatzen du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren kalkuluen arabera, erakundearen zerga-bilketa likidoaren erorketa %25 ingurukoa izatea espero da. Jaitsiera honek eragin zuzena izango du udalei egiten zaien ekarpenean, Udal Finantziazio Foru Funtsean, hain zuzen ere. Aurreikusitako zenbatekoari %20ko murrizketa aplikatuko zaio, hau da, Elgoibarren kasuan, 1,8 milioi euro inguru gutxiago jasoko ditu.

Covid-19 gaitzak sortutako egoera beste udal sarrera batzuetan eragina izaten ari da, alde batetik, sarrera gaitasuna galdu delako; eta bestetik, Udalak itxita izan diren jardueren kasuan zaborra eta mahaiak eta aulkiak jartzeagatik tasen zati bat ez kobratzeko hartutako erabakiagatik.

Errealitate honen aurrean, Udalak beharrezkotzat jo du gastuen inguruan erabakiak hartzea, eta lehentasunak zehaztea, beharrezkoak ez diren gastuak murriztuz eta atzeratu daitezkeenak hurrengo urteetara bideratuz.

Elgoibartarren gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzen jarraitzeko eta, aldi berean, tokiko ekonomia suspertzen laguntzeko helburu nagusiarekin, Udalak udalerriko familien eta enpresen errealitateari erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak izango dituela ziurtatu du udal-gobernuak.

“Koronabirusa agertu zenetik, Udalak ahalegin guztiak egin ditu udal-kontuak unean uneko eskaeretara egokitzeko. Ezohiko une hauetan ezohiko neurriak hartu behar izan ditugu Gure lehentasuna inbertsio soziala handitzea izan da, eta hala islatzen da aurrekontu egokituetan. Etxez etxeko laguntza zerbitzua bezalako partidak mantentzeaz gain, esaterako, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ere handitu ditugu, Guztion Artean boluntariotza sarea sustatu dugu, baita Elgoibarren Gertu zerbitzua ere, gure udalerriko kolektibo zaurgarrienak babesten jarraitzeko", adierazi dute udal gobernutik.

Aurreikusi gabeko beste gastu batzuei dagokienez, gogorarazi behar da aurten 175.000 euro bideratuko direla udalerriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko kanpainak egiteko. Halaber, onartutako kontu berrietan gazteentzako alokairurako laguntzak (50.000 euro), kaleen garbiketa (531.228 euro), fatxadak berritzeko laguntzak (75.000 euro), Inazio Bereziartua Musika Eskolarentzako ekarpenak (477.757 euro), igogailuen mantentzea (15.000 euro), hondakinen bilketa (1,6 milioi euro) eta beste hainbat partida mantentzen dira.

Kontuen egokitzapen hau egiteko, aurrekontuaren kreditu batzuk (bere osotasunean edo zati batean) ez erabilgarri bezala izendatzea proposatu da: Herriko Antzokiko kamerinoak (55.000 euro), aire zabaleko zinema (22.400 euro), auzoetako jaiak (5.000 euro), salmenta telematikoa (13.000 euro), mugikortasun astea (28.900 euro), publizitatea (38.683 euro), komunikazio instituzionala (15.000 euro), protokoloak (20.000 euro), herritarren parte-hartzea (200.000 euro), EPA (30.000 euro)…

Neurri hau kontuan izanda, lortzen da, alde batetik sarreretan jasango dugun jaitsierari aurre egitea eta gastuak zenbateko horri egokitzea, eta urtean zehar egoera ekonomikoaren bilakaeran ondorioz sarrera aurreikuspenak hobetuko balira, Udalbatzak aukera izango luke ez erabilgarri moduan izendatu duen kontusail bat edo batzuk berriro ere erabilgarri moduan izendatzeko eta hasierako proiektu edo programaren batzuk berreskuratzeko.