Maalako Haur Parkea

Euskadik gainditutzat eman du Deskonfinamendu Planeko 3.fasea, eta ondoriorik gabe utzi dira alarma-egoeraren testuinguruan hartutako neurriak. Beraz, gaurtik normaltasun berria sartu da indarrean.

Erabaki honek Gernikako Estatutuan onartutako eskuduntza guztiak berreskuratu ahal izateko balioko du. Gaurtik aurrera indarrik gabe geratuko dira alarma-egoeraren deklaraziotik sortutako neurri guztiak: hala Estatuko Gobernuak hartutakoak nola Euskal Autonomia Erkidegoko eskuordetutako agintari eskudunek gaur arte hartutakoak. Une honetan sartuko da indarrean “Osasun Sailburuaren Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak zehazten dituena”, etapa berri honetan. Berezko oinarri arautzaile berri horrek balioko du epidemia kontrolatzeko gure gizarte- ekonomia- eta osasun-errealitatearekin bat datozen neurri espezifikoak ezartzeko.

Neurri desberdinen artean, ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoek ez dute edukiera mugarik izango, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa gordez gero. Diskoteka-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen jarduerak egin ahal izango dira, edukieraren % 60rekin, dantza-pistarik gabe eta halakoen ordez mahaiak jarriz.

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona bat.

KONTSULTATU HEMEN NEURRI BERRI GUZTIAK

Gaur onartutako erabakiak amaiera eman dio SARS-CoV-2 koronabirusak sortutako pandemia globalaren ondorioz izan dugun 100 eguneko ezohiko egoerari.