Planaren aurkezpena, Udal arduradunak Hostalariekin terraza batean

  • Udalak, pasa den astean adierazi bezala, udalerriko hainbat sektoretako ordezkariekin hasitako bilerei jarraipena eman die eta etorkizunera begira merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen egoera leundu eta ekonomia berraktibatzeko helburuarekin hainbat neurri jarriko ditu martxan.
  • Aurten 540.000 euro baino gehiago bideratuko dira zerbitzuak, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko. Datorren urtean, beste 375.000 euro inbertituko dira alarma egoerak kaltetutako herritar eta enpresa txikien beharrizanei erantzuteko.
  • Urtea bukatu arte, 175.000 euro bideratuko dira komertzioetan bono-kanpainak egiteko, datorren urtean beste 120.000 euro. Kale eta kultur dinamizaziorako ekintzak burutzeko 80.000 euro erreserbatu dira eta beste 80.000 euro 2021erako. Beste 25.000 euro gorde dira ostalaritzako bonoak martxan jartzeko. Eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua 100.000 eurotan handituko da.
  • Udalaren lehen kalkuluen arabera, diru-sarrerak 500.000 euro inguru murriztuko dira aurten. Zenbateko honetan Kirol Patronatuko abonu eta ikastaroen etetea eta dendariei zein ostalariei zabor eta terrazen tasaren kobrantza etetea sartuko lirateke.

 

Alarma egoerak udalerriko zerbitzu, merkatari eta ostalariengan eragin duen kalte ekonomiko handia arintzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak berraktibazio plana aurkeztu du gaur, hurrengo bi urteetako egoerari aurre egiteko plana .

 

Udalak, pasa den astean adierazi zuen bezala, udalerriko hainbat sektoretako ordezkariekin hasitako bilerei jarraipena eman die, guztien proposamenak eta eskaerak jaso eta etorkizunera begira hauen egoera leundu eta ekonomia berraktibatzeko helburuarekin neurri zehatzak adostuz.

Eraginkorrak izan nahi badugu, ezinbestekoa da erantzun bateratu bat ematea eta horretarako ahalik eta eragile gehienekin hitz egin nahi izan dugu eta aurrerantzean ere bilerak mantentzen jarraitu nahi dugu, beraien uneoroko beharrizanetara egokitu gaitezen. Hala, berraktibazio plan honen bitartez milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten dugu urte eta erdian. Aurten 540.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu zerbitzuak, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko. Datorren urtean, beste 375.000 euro inbertituko dira alarma egoerak kaltetutako herritar eta enpresa txikien beharrizanei erantzuteko” dio Ane Beitia alkateak. Era berean, Gizarte Zerbitzuei ere bultzada handia emango zaiela esan du.

Gaur azaltzen diren neurri guztiak, Elgoibarren egoera honetatik ateratzeko behar gehien dutenei lagundu eta bultzada emateko neurriak direla adierazi dute.

Azken legealdietako kudeaketa zorrotzari esker, Udalaren osasun finantzarioa ona da. Udalak ez du zorrik eta aurreko ekitaldietako soberakin-saldo positiboa indar bihurtzen dira aurkezten diren erronkei aurre egin ahal izateko. Hala, behar diren baliabideak jarriko dira behar gehien dutenentzat.

Gizarte Larrialdietako Laguntzetara bideratutako aurrekontua 100.000 eurotan handituko dela ere aurreratu du alkateak, 170.000 eurotik 270.000 eurora. Igoera nabarmen bat aurreikusten dela adierazi du eta Udalak behar gehien duten pertsonentzat baliabideak jarriko dituela adierazi du.

Erabaki guztiak helburu estrategiko bati jarraitzen diotela ere azpimarratu du, “Elgoibar Bizi bizixa” dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko konpromisoari hain zuzen ere, guztiok parte hartzen dugun Elgoibar bat.

MERKATARITZA, OSTALARITZA ETA ZERBITZUEN ESPARRUAN ADOSTU ETA ABIARAZIKO DIREN EKIMENAK ETA ZENBATEKOAK

Merkataritza eta ostalaritzak beraien ateak itxita aurkitu zituzten egun batetik bestera eta orain berriro ere ateak ireki eta aurrera egin beharra dago. Garrantzitsua da momentu honetan herritarren konpromisoa, herri lagunkoia eta kolaboratzailea izan gara beti eta hala erakutsi behar dugula uste du Udalak datorren etapa honetan, “herrian bizi eta erosi behar dugu, gure bizilagun diren dendari eta ostalariak babestea dagokigu”.

Zentzu horretan, Udalak herritarrei bultzatu eta lagundu nahi die herrian erosten. Herritar askok ere zailtasunak izan ditzakete eta horregatik; alde batetik, herrian erostea sustatu nahi da, eta bestetik, elgoibartarren erosketa hori merkeagoa egitea. Hori da hain zuzen ere bonuen kanpainen helburua.

Aurten 175.000 euro bideratuko dira BONOEN KANPAINETARA, 4.000 bono datorren astetik aurrera lortu eta erabiltzeko aukera izango da eta urtean zehar kanpaina desberdinak egingo dira. Honek, 2020rako 350.000 euroko inpaktu positiboa izango du gure herrian eta datorren urtera begira beste 120.000 euro bideratuko ditu Udalak bonoetara eta 240.000 euroko inpaktua izatea aurreikusten du.

Bono hauek, Txankakuaren bitartez banatuko ditugu HERRIKO DENDA ETA ZERBITZU GUZTIETAN EROSTEKO BALIOKO DUTE, ez bakarrik txankakuako kide diren dendetan.

Honekin batera, Udalak garrantzitsutzat jotzen du Elgoibarko kaleak berriro bizitzaz betetzea eta horregatik “Elgoibar Bizi-Bizixa” berreskuratzeko KALEEN DINAMIZAZIORAKO partida bat aurreikusten du, 80.000 euroko aurrekontu bat izango duena aurten (40.000 komertzio eta zerbitzuentzat eta beste 40.000 ostalarientzat). Datorren urterako ere beste 80.000 euroko partida gorde da.

Dendariek beraien sarrerak eta ESKAPARATEAK APAINTZEKO laguntza ere emango da, 15.000 euroko partida bat aurreikusten da aurtengo eta beste 15.000 datorren urterako. Egunero 11:00etatik aurrera eta aste bukaeretan, kaleetako espaloiak dendetako generoekin edo apaingarriekin okupatzeko baimena dohain izango da, kaleak bizitzaz eta kolorez bustitzeko.

Horrez gain, dendari, zerbitzu eta tabernariei beraien gastuetan laguntzeko asmoz hiru hilabete hauetan ez zaie zaborraren tasa kobratuko.

Era berean, Udala aztertzen ari da, datorren seihilekoari eta datorren urteei begira, merkataritzako eta zerbitzuetako (5 langile baino gutxiagokoei) zabor tasa %20 jaistea: 35.000 euroko inpaktua izango luke urteko. Azterketa berdina burutzen ari da Udala ostalari txikiekin ere, helburuetako bat jarduera hauen presio fiskalaren murrizketa da eta.

Honen harira, hainbat erabaki hartu dira dagoeneko. Besteak beste, merkataritza eta zerbitzuetan bezala, zaborraren tasan hiruhileko bat ez zaie kobratuko taberna eta jatetxeei. Erabaki honek 7.500 euroko eragina dauka udal aurrekontuetan, sarrera murrizketa bat gehiago da.

Udalaren sare sozialen bidez, merkatari eta ostalarien zerbitzuak ikusarazteko bideak martxan jarriko dira.

Era berean, TERRAZEN OKUPAZIOA EZ DA KOBRATUKO alarma egoera sortu zenetik deseskalatze prozesu honen bukaerara arte, 15.000 euroko eragina izango duen erabaki bat.

Terrazei buruz, Madridetik zetozen albisteak entzun ondoren, terrazen berrantolaketarekin hasi zen Hirigintza saila. Dekretuak ezarritako neurriak betetzen zituztela bermatzeaz gain, eta tabernarien egoera zein den ikusita, TERRAZEN AZALERA MALGUTZEKO LANETAN hasi zen Udala. Malgutasun honen oinarriak bi dira; alde batetik, oinezkoek izango dutela lehentasuna, pasabideak bermatuz eta inguruko jarduera, egoera… kontutan izan dira; bestetik, tabernarientzako etekin handiena izan ziteken konfigurazioa bilatzen saiatu da Udala.

Banan banan aztertu dira taberna guztiak eta tabernari guztiei eman zaie aukera planteamendu berria ikusi, aztertu eta onartzeko. Jakinarazi zaie, alarma egoera honek dirauen bitartean soilik izango dutela aukera antolaketa berri honetan kokatzeko terrazak eta jabeak arduratu behar direla bai terraza hauen garbiketaz bai emandako baldintzak betetzeaz. Beteko ez balira, terraza galtzeko aukera izango dutelarik.

“Alarma-egoera horretan, udaletik ulerkorrak garen bezala, gizarte gisa ere izan behar dugula uste dugu, bakoitzaren egoerak ulertuz baina, batez ere, gizabanako eta kolektibo gisa ditugun betebeharrez jabetuz. Kaleak elkarbizitzarako espazio bihurtzen dira, dendetako ilarekin, jendea paseatzen, terrazak, atarietarako sarbideak... Gure ustez, jarduera horietarako guztietarako lekua badago, betiere modu antolatuan egiten bada eta arauen barruan jarduteko konpromisoa hartzen badugu”, esan du Iosu Arraiz zinegotziak.

“Elgoibar Bizi-Bizixa” leloa bultzatzen dugun bezala, kultura erabiliko da elementu dinamizatzaile eta kohesionatzaile gisa. Jende-pilaketak saihestu beharra dago, baina udalerriaren forma aintzat hartuta, kultura dinamizatzeko plan bat planteatzen da udalerriko hainbat tokitan. Horrela, Elgoibarko kultur eragileekin batera, Elgoibarren zehar KULTUR EKITALDIAK antolatuko dira, kaleak eta ostalaritzako establezimenduen jarduera dinamizatzeko. Horretarako, Udalak 40.000 euroko aurrekontua erabiliko du aurten, eta etorkizuneko aurrekontuetan islatuko da.

Honez gain, gainera, 25.000 euroko aurrekontu-partida gorde da ostalaritzako bonoetarako. Hala, ostalaritzako establezimendu guztiak ireki eta guztientzako berme eta aukera berberak ematen direnean, bonoak banatuko dira, egun osoan mugimendu ekonomikoa sor dadin.

EUDELek banatutako maskarillak zerbitzu eta merkataritzako dendetan banatuko dira, bezeroei segurtasuna eman eta dendarien egunerokoa errazteko. Gipuzkoako Foru Aldunditik ere jasoko dira maskarila gehiago eta banatuko dira.

Udalaren ustez, denda, taberna eta zerbitzuek, herritarrekin bizikidetza izan behar dute. Denon ardura izango da hemendik aurrerako deseskalatze prozesu honetan, elkarbizitzeko konpromisoa hartzea, COVID-19arekin bukatzeko neurriak errespetatzea eta zuhurtziaz jokatzea.

Aurreko astean esan bezala,, Udalaren asmoa elkarlanean oinarritutako erantzun-plan bat diseinatzea da, hurrengo asteetan ez ezik, epe ertainera begira ere baliagarria izango dena. Eta zentzu honetan, lehenengo pausoak eman dira.

Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua izan arren, gastuaren kontrola zorrotza izango dela nabarmendu dute. Eta erantzunkizunez jokatuko dela, baliabideak mugatuak baitira.

PLANAREN LABURPENA ZENBAKITAN: DATU EKONOMIKOAK

AURTEN:

  1. Merkataritza eta zerbitzuetarako bonuak 350.000 euro. Hauetatik 175.000 euro Udalak ipiniko ditu (%50)
  2. Ostalaritzako bonuak 25.000 euro (Udalak ordainduko du guztia)
  3. Kaleen dinamizaziorako 40.000 euro
  4. Kultur eragileekin burutzeko dinamizazioa 40.000 euro
  5. Merkataritzaren dekorazio eta apainketarako 15.000 euro
  6. Zaborrak ez kobratzea hiruhileko batean merkataritza, zerbitzu eta tabernariei (220 onuradun) 57.500 euro
  7. Terrazak ez kobratzea egoerak irauten duen bitarten 15.000 euro
  8. Gizarte ongizateko partiden errefortzurako 100.000 euro

GUZTIRA: 642.500 euro

DATORREN URTEAN:

  1. Merkataritza eta zerbitzuetarako bonuak 240.000 euro. Hauetatik 120.000 euro Udalak ipiniko ditu (%50).
  2. Kaleen dinamizaziorako 40.000 euro
  3. Kultur eragileekin burutzeko dinamizazioa 40.000 euro
  4. Merkataritzaren dekorazio eta apainketarako 15.000 euro
  5. Zabor tasen jaitsiera: 42.500 euro

GUZTIRA: 377.500 euro

GUZTIRA URTE ETA ERDIAN: 1.020.000 EURO